Gero eta gutxiago falta da Gabonak iristeko, eta Bedelkarrekoak honezkero prest daukate garai horretarako kanpaina berezia. Batetik, herria girotzeko, dendetan Gabonetako argidun apaingarriak jarriko dituzte abenduaren 8an, eta eguberriak pasatu arte, urtarrilaren 7ra arte zehazki, izango dituzte.
Zozketak
Abenduaren 1etik 22ra bitartean Gabonetako turroi sorten zozketa burutuko da Bedelkar txartelaren bitartez. Sortak sariak suertatu diren saltoki berean jasoko dituzte bezeroek adostutako egun eta orduan.
Bestalde, urtero moduan, abenduaren 1etik aurrera saltokiek erosketa baleen zozketan parte hartzeko txarteltxoak emango dizkiete beraien bezeroei. Urtarrilaren 9an izango da zozketa, eta 100€-ko sei sari zozketatuko dituzte.
Umeendako ekintzak
Haur eta gazteendako ekimenak ere prestatu dituzte Bedelkarrekoek kanpaina honetan. Hala, beraiei zuzendutako jolas parkea jarriko dute Seminarioan abenduaren 3an, 4an, 10ean, 11n, 17an, 18an, 23an eta 30ean. Goizez 11:30etik 13:30era egongo da zabalik parkea, eta arratsaldez, berriz, 17:00etatik 20:00etara. Astebururo jolas desberdinak egongo dira eta Bergarako saltokiek tiketak oparituko dituzte parkerako.
Bestalde, abenduaren 3tik urtarrilaren 8ra bitartean ohe elastikoak jarriko dituzte Munibe plazan. Hemen ibiltzeko aukera egunero izango dute haurrek eta saltokietan txartelak oparituko dituzte.