Merezitako eta sufritutako garaipena Bergarak (2-1)

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko aza. 20a, 13:13
Ismael Navas erdilari bergararra baloiarekin; partiduko onenetako bat izan zen atzo, zalantza barik.

Bergarak Soraluzek baino gehiago egin zuen atzoko partidua irabazteko baina mahoneroen entrenatzaile Mikel Juaristik partidu amaieran berretsi zuenez, azken ordu erdiko beheraldia zergatik gertatu zen aztertu beharko dute; halako egoerak zuzendu egin behar ditu datorren urtean Ohorezko Erregional Mailara igo nahi duen talde batek. Izan ere, gehiegi sufritu zuen Bergarak azken 30 minutuetan.

Hasieratik argi geratu zen Soraluze atzean itxaron eta kontraerasoak aprobetxatzera irtengo zela. Baloiaren jabetza Bergararena izan zen partidu osoan zehar, lehen zatian nabarmen. Baina, futbolaren kapritxoak tartean, kanpokoek estreinatu zuten markagailua. Eskerrak etxekoek berehala sartu zutela berdinketaren gola; atsedenaldira banako berdinketarekin joan ziren.

Polemikarako bi jokaldi

Bigarren zatia hasi eta berehala heldu zen 2-1ekoa; lasaitasunaren gola izan zen Bergararentzat eta izan zituzten aukerak aldea handitzeko baina ez zuten asmatu. Azken ordu erdian, baina, taldeak behera egin zuen nabarmen eta Soraluze arriskua sortzen hasi zen. Gainera, polemikarako tartea ere izan zen; partiduko azken txanpan epaileak ez zituen Soraluzeren aldeko bi penalti adierazi... Amaieran, merezitako bezain sufritutako hiru puntuak Agorrosin geratu ziren.

Ohorezko Erregional Maila

Ohorezko Erregional Mailako hiru taldeek kanpoan jokatu dute asteburuan. Mondrak galdu egin zuen zapatuan Azkoitian Anaitasunaren aurka (2-1); hirugarren partidua galdu dute jarraian Josu Zubiaren mutilek eta honezkero seigarrenak dira sailkapenean, 20 punturekin.

Bestalde, Aloña Mendik denboraldiko bigarren garaipena erdietsi zuen zapatuan Hondarribian (0-1). Ea dinamika onean sartu eta pixkanaka gorantz egiten duten sailkapenean; 11. jardunaldia amaituta, azken aurrekoak dira sailkapenean, 7 punturekin.

Amaitzeko, UDAk 2-0 galdu egin du Irunen Real Unionen aurka. Aretxabaletarrak 1-0ekoarekin joan dira atsedenaldira eta bigarren zatian ezin izan diote neurketari buelta eman. Azkenean, txuri-beltzek eraman dituzte hiru puntuak 2-0ekoarekin.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak