Azaroaren 25ean, datorren egubakoitzean, Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko eguna da. Horren harira, udalak eta Martxanterak talde feministak arlo horrekin lotutako hainbat ekintza antolatu dituzte.
Antolatutako egitarauaz gain, talde biak eraso edo erailketa sexista gertatzen denerako udal erantzun prozedura prestatzeko elkarlanean ere badihardute.
Emakume pilotariak
Datorren eguaztenean, azaroak 23, emakumeen kirolari buruz hausnartzeko parada izango da; konkretuki, emakume pilotariei buruz. Izan ere, Zabalotegi aretoko zineklubean Las Pelotaris eta Pilota Girls dokumentalak emango dituzte 20:00etan, eta bukatzean solasaldia izango da.
Las Pelotarisek euskal pilotako emakumeak ditu protagonistatzat. Istorio desberdinak kontatzen dira; esaterako, XX. mende hasieran Euskal Herrian, Kuban, Filipinetan edota Mexikon frontoiak betetzen zituzten erraketistak azaltzen dira.
Pilota Girls, berriz, Bilbon kokatuta dago, eta zinemako zein bideoklipetako lengoaia darabil. Emakume pilotariak estereotipoen eta sistemaren aurkakotzat erakusten dituen performancea da.
Mahai inguruan herriko pilota eskolako Reyes Azkoitiak eta Izaro Izarbe zestalariak hartuko dute parte. Maite Aristegik gidatuko du saioa.
Akelarrea
Azaroaren 25ean, 19:00etan udaletxe aurrean emakumeen aurkako indarkeria salatzeko kontzentrazioa deitu dute.
Horren ostean, 20:00etan akelarre antipatriarkala egingo dute, musikaz lagunduta, eta queimada edaria prestatu eta banatuko dute. Hala, emakumeek jasaten duten biolentziaren adibideak erreko dituzte suaren bueltan.
'Koadernoa zuri' antzezlana
Bukatzeko, abenduaren 11n, Hika antzerki taldearen Koadernoa zuri antzezlana doan ikusteko aukera izango da Zabalotegi aretoan, 19:00etan. Ama hil berritan, 20 urteren ostean atzera ere elkartzen diren Begoña eta Arrate ahizpen istorioa kontatzen du antzezlan honek.