Jesus Muñiz Petralandak hitzaldia eskainiko du San Juango eskultura gotikoei buruz ermitan, bihar, zapatua, 11:00etan. Laboratorium museoko programazioaren baitan dago berbaldia.
Historiagilea eta Erdi Aroko arte higigarria ikertzen espezializatua da Muñiz. Bergara da Gipuzkoan ermita gehien dituen bigarren udalerria, eta horietan aurki daitezkeen altxorrak ezagutarazteko antolatu dute saioa.
San Juan ermitan estilo gotikoko lau irudi ikus daitezke: bi San Juan Ebanjelari (bata XIV. mendekoa, eta bestea XVI.aren hasierakoa), XV. mendeko Andre Mari bat, eta ermitako irudi nagusia den San Juan Bataiatzailea, XV. mende bukaerakoa.
Piezon azterketa historiko-artistikoa egingo du Muñizek. Irudiok dituzten jarrerak, ikurrak, jantziak edo ezaugarriak deskribatuko ditu; eta iturri grafikoei buruz hausnartuko du, hau da, nondik atera zuten irudi horiek egiteko eredua.
Bada, irudi horietatik abiatuta Euskal Herriko irudigintza gotikoa zabal landuko dute.