Mekolaldeko zubi zaharra eraisteko lanak hasi dituzte

Josu Bilbao Atxutegi 2016ko aza. 17a, 14:46

Aste honetan hasi dira obrak eta 10 eguneko epean zubia guztiz eraitsita egongo da. Jarraian, oinezkoen pasabidearen proiektuari ekingo diote, eta otsailaren lehen hamabostaldirako, pasabide berria jarrita egotea aurreikusten dute.

Lanek irauten duten bitartean, Mekolaldeko bizilagunen beharrak "asetuta" egongo direla adierazi du Elena Lete alkateak: “Lanek eragozpenak sortuko zituela jakinda, bertako bizilagunekin bildu ginen euren beharrak ezagutzeko. Bi behar nagusi nabarmendu ziren, zabor bilketa eta mugikortasuna. Bizilagunekin horrela adostuta, zabor bilketa ibaiaren bi aldetatik egingo da eta garraio publikoa indartzeaz gain, Bergarako Udalak taxi zerbitzua finantzatuko die bizilagunei. Modu honetan, erosotasun osoa izango dute”.

Zubi zaharraren eraisketa eta pasabidearen eraikitze lanak Urartetxe enpresak egingo ditu eta horretarako 3 hilabeteko epea izango du. Honela hurrengo asterako zubi zaharra botata egongo da, jarraian pasabidea jarri aurreko lanak egin beharko dira eta azkenik, otsaila hasieran, aurrez egindako pasabidea jarriko da. Arduradunek agertu dutenez, "pasabidea egurrezkoa izango da, eta bi metro zabaleran eta 35 luzeran izango ditu".

Gainera, argiztatuta egongo da: “Aspalditik datorren gaia dugu hau, 2002 urtetik hain zuzen ere. Urte hauetan gauza asko egin dira; Tornillerias Deba etorri da industriagune honetara edota zubi berria eraiki zen. Orain, Urartetxe enpresa eta Ur Agentziarekin lanean ibili gara eta adostasunera iritsi gara zubi zaharra bota eta pasabidea jartzeko. Pasabide berriarekin gune honetako uholde arriskua nabarmen jaitsiko da”, gaineratu du alkateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak