Txapa irratian musika elektronikoa sustatzen duen Haus of beats irratsaioak urte bat betetzen du. Horren harira, zapatuan urteurren ospakizuna antolatu dute Gaztetxean.
Iluntzeko 19:00etan hasita, Canela en Surco irratsaioko kideak zuzeneko saioa egingo dute Kartzela Zaharretik. Ondoren, 00:00etan, Ene! bergararrak eta Bartzelonatik etorritako Abo Sou eta Ched Ed DJ-ek musika elektroniko gaua zabalduko dute. Horien ostean, Haus Of Beats irratsaioko DJ ezberdinek musika elektroniko gaua luzatuko dute.
Iluntzean egingo den zuzenekoa doakoa izango da, baina gauerditik aurrera egingo diren emanaldietarako 5 euroko sarrera ordaindu beharko da.
Zuzeneko irratsaioa
Canela en Surco, Bartzelonako ScannerFM musika-irrati kate independentean emititzen den irratsaioa da, eta biniloen salmentan espezializatua dagoen Discos Paradiso dendak babesten du. Era askotako disko musika, funk psikodelikoa eta afrobeat eta house estiloak ditu oinarri.
Zuzeneko irratsaioa eskaintzeaz gain, antolatzaileak saioa streaming bidez ematen ahaleginduko dira, betiere, posible bada.
Kanpoko eta bertako DJ-ak
Haus of Beats irratsaioko kidea den Kepa Zabaletak azaldu duen moduan, gaueko lehen bi DJ-ak arratsaldean Canela en Surco irratsaioan aritutakoak izango dira: “Hasteko, irratsaioko esatari nagusia Abo Sou-k eskainiko du emanaldia, eta, berarekin kolaboratzaile lanak egiten dituen Chez Ed arituko da”.
Abo Sou, Breixo Martínezen izen artistikoa da. Bartzelonan bizi den galiziar honek urteak daramatza Afrika mendebaldeko eta Karibeko disko musikarekin lanean. Bere emanaldiak jazz espiritualetik house garaikideraino pasa daitezke.
Irratsaio bartzelonarreko kideekin batera, aspaldian Bartzelonan bizi den Eneko Balzategi (Ene!) bergararrak ere jaialdian hartuko du parte.
Hiru emanaldien ostean, festak Haus of beats irratsaioko Buda, Balza eta Keep_a DJ-ekin jarraituko du. “Irratsaioa bergarako hiru lagunek eramaten dugu aurrera, eta zapatuan DJ bezala ere arituko gara”, azaldu zuen Zabaletak . “Hirurok Txapa irratiko beste proiektu batzuetan ibilitakoak gara, eta duela urtebete, kultura elektronikoa bultzatzen duen Haus of beats irratsaioan murgildu ginen”, gaineratu zuen.