Martxan da irakurketa foro feminista berria

Maite Txintxurreta 2016ko aza. 10a, 15:45
Asteleheneko aurkezpen saioa

Martxanterak taldearen egitasmo berria berriki atzera ere martxan jarri duten Kartzela Zaharreko Angiolillo Liburutegian burutuko dute, eta Virginie Despentes idazlearen ‘Teoria King Kong’ liburua izango da irakurri eta landuko duten lehendabiziko lana.

Martxanterak taldeak, Bergarako talde feministak, ekimen berri bat jarri du abian. Astelehenean aurkeztu zuten irakurketa foro feminista Gaztetxeko Angiolillo liburutegian. Hain zuzen, bi urteko etenaldiaren ostean berriz jarri dute martxan kartzela zaharreko liburutegia, eta jada hasi dira lehen ekintzekin.

Aurkezpenean azaldu zutenez, egitasmo honen helburua “pentsalari feministek idatzitako liburuak irakurri eta lantzea” da. Hain zuzen, lanketa kolektibo bat burutu nahi dute, guztien artean eztabaidatuaz batak bestearengandik ikasteko.

Landuko duten lehen lana Virginie Despentesen Teoria King Kong izango da. Hiru hilabetez arituko dira liburu hori irakurri eta taldean komentatzen.

Hurrengo saioak

Honezkero finkatu dituzte irakurketa foro feministaren hurrengo saioen egun eta orduak. Hiru astean behin bilduko dira gaztetxean, eta bilkura bakoitzerako liburuaren zati bat etxetik irakurrita ekarri beharko dute parte hartzaileek. Era berean, pasarte edo ideia interesgarriak apuntatuta ekartzea gomendatu dute.

Hala, foroaren lehen saioa hilaren 28an egingo dutela adostu zuten astelehenean. 19:00etan izango dira saio guztiak, Kartzela zaharreko liburutegian. Lehen saiora liburuaren lehendabiziko hiru kapituluak irakurrita ekartzea adostu zuten.
Bigarren saioa, berriz, abenduaren 19an egingo dute, eta bertarako 4. eta 5. kapituluak irakurri beharko dira.

Bukatzeko, Teoria King Kongi dagokion azken eztabaida saioa urtarrilaren 16an egingo dute. Aurrerago erabakiko dute zein izango den foroan landuko duten bigarren liburua.

Dinamika

Saiootako dinamika elkarrizketan eta eztabaidan oinarrituko da, eta entzule bezala zein norbere iritzia emanez har daiteke parte bertan.

Bilkurok dinamizatzailea izango dute, eztabaida bideratze aldera, eta ardura hori errotatuz joango dira saioz saio, prest dauden boluntarioen artean.

‘Teoria King Kong’ liburua

Virginie Despentes frantziarrak 2007an argitaratu zuen Teoria King Kong liburua. Emakumeei egotzitako arau tradizionaletatik at bizitzeaz idazten du bertan, bere bizipen pertsonaletatik abiatuta sarri.

Entsegu liburua da honakoa, baina halakoetan ohikoa den tonu formaletik aldentzen da, kaleko hizkera erabiliaz. Sarritan tabu diren gaiez dihardu bertan idazleak; hala nola, prostituzioaz, bortxaketaz, homosexualitateaz, pornografiaz...

Angiolillo liburutegiko aurkezpenak

Gaztetxeko Angiolillo liburutegia martxan da atzera ere, bi urtetako etenaldiaren ostean, eta jada antolatu dituzte hurrengo bi liburu aurkezpenak.

Lehena azaroaren 18an izango da, 19:00etan. Manolo Cainzos filosofo, idazle eta UNEDeko irakasle ohiaren Un movimiento ciudadano-Herri mugimendua. Bergara 1970-1980 izango da liburu protagonista, eta autoreak aurkeztuko du.

Liburutegiko Aser Polvorosak liburuaren nondik norakoak azaldu ditu: “1970-1980 hamarkadan Bergaran bizi izan zen herri-mugimendu baten esperientzia historikoa jasotzen du”, dio. Garai hartan sortutako herrigintza elkarte esanguratsuen ibilbidea azaltzen du Cainzosek. Mugimendu horrek hiru ardatz nagusi izan zituen: Bizitza kalitatearen hobekuntza, kultur bizitzaren dinamizazioa eta demokrazia politikoaren aldeko borroka.

Abenduaren 21ean, Igor Meltxorrek Kazetari Kanaila lana aurkeztuko du, kazetaritzari eta salaketa sozialari buruzko lan berria. Bere Caso Bidegi eta Gestión a la vascari buruz ere arituko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak