Irakurketa foro feministaren lehen saioa Kartzela Zaharrean

Martxanterak talde feministak jarri du martxan ekimena, gaztetxeko Angiolillo liburutegiarekin batera, eta gaur, astelehena, 19:00etan aurkezpena egingo dute. Virginie Despentesen Teoría King Kong liburua izango da landuko duten lehena.

"Formaziorako eta eztabaidarako espazioa" izango da irakurketa foro feminista berri hau, eta gaian interesa duen edonor gonbidatu dute ekimena ezagutzera eta bertan parte hartzera.

Gaurko saioan, batetik, irakurriko duten liburua aurkeztuko dute, eta hurrengo saioetarako egunak zehaztuko dituzte.

Funtzionamendua

Gaurko aurkezpenaren ostean, datozen saioetan liburuaren pasarteak lantzen joango dira. Hala, saio bakoitzaren aurretik, parte hartzaileek etxean irakurri beharko dituzte atalok, eta galdera lagungarri batzuk emango dizkiete. Galderok abiapuntu izanda, hiru astean behin irakurritakoari buruzko eztabaida saio gidatuak egingo dituzte.

'Teoria King Kong' liburua

Virginie Despentes frantziarrak 2007an argitaratu zuen Teoria King Kong liburua. Emakumeei egotzitako arau tradizionaletatik at bizitzeaz idazten du bertan, bere bizipen pertsonaletatik abiatuta sarri. Entsegu liburua da honakoa, baina halakoetan ohikoa den tonu formaletik aldentzen da, kaleko hizkera erabiliaz.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.