Faboritoa zen eta ez du hutsik egin. Dabid Garcia durangarrak bazituen zalantzak: "Banekien gaur hemen irabaztea gaitza izango zela. Arin irten gara eta jada laugarren kilometroan hiru bakarrik egon gara —Garcia bera, Oier Ariznabarreta eta Aitor Mimenza—. Oier aurreratu egin da bakarrik eta seigarren kilometroan edo berriz elkartu gara. Zazpigarren kilometroan pentsatu dut nire momentua zela. Aurrera joan naiz eta ondo irten da".
Gizonezkoetan Garciak egin du lehenengo eta zazpigarren aldiz irabazi du Soraluze-Bergara lasterketa. Mimenzak bigarren egin du, eta Ariznabarretak hirugarren.
Emakumezkoetan Maite Arraiza donostiarrak egin du denbora onena. June Arbeok egin du bigarren eta Maider Uribe bergararra izan da hirugarrena. "Kontrolatzen joan naiz atzean June fuerte zetorrelako. Elkarrekin atera gara baina gero ni joan egin naiz. Kontrolatzen joan naiz karrera guztian. Oso lasterketa polita da: ibilbide gogor xamarrarekin, baina ondo. Oso ondo ibili naiz", esan du Arraizak.
Handbike kategorian Jone Bazterra izan da emakume azkarrena eta Jon Galarraga gizonezko azkarrena. Patinetan, berriz, Nagore Montes izan da emakume azkarrena eta Aitor Vacas gizonezko azkarrena. Patinetako kirol egokituan Alain Irazu izan da irabazlea.
Antolatzaileak gustura agertu dira lasterketak emandakoarekin. Gora doa izena ematen duten bergararren zein soraluzearren kopurua. Emakumeen parte-hartzea ere gora doa. Parte hartzaileen %20 izan dira emakumeak gaurko lasterketan.
Sari banaketa ekitaldian bi omenaldi ere izan dira. Hankalabanka elkarteak Kuxi omendu du urteetan egindako lanagatik. Antxintxika elkarteak, berriz, elkarteko presidente Aitor Rementeria. Kasu honetan ere elkartearen alde egindako lanagatik.
Sailkapena eta denborak hemen.