Bergaran, Azkoitian eta Azpeitian burutzen diharduten 17. Organo Erromantikoaren Zikloaren baitan, bihar, zapatua, Donostiatik datorren Koruko Andre Maria Musika Kaperaren kontzertua izango da 20:00etan hasita Santa Marina elizan.
2014an sortutako musika kapera da Bergaran arituko dena, eta musikari profesionalek zein zaletuek osatzen dute taldea. Garai desberdinetako erlijio musika jorratzen dute.
Organo Erromantikoaren Zikloa izanik, instrumentu horrek lagunduko die Koruko ahotsei. Alize Mendizabal izango da organo jolea. Abesbatzaren zuzendaria, berriz, Andoni Sierra da, Lucia Gomez Mezzosopranoa eta Jesus Gartzia baritonoa.
Bergararrak Loiolan
Beste alde batetik, ziklo beraren baitan, eta kasu honetan ere bihar, zapatua, Azpeitiko eta Bergarako organo ikasleek kontzertua eskainiko dute Azpeitiko Loiolako basilikan, 12:00etan.
Bergarako Musika Eskolako ordezkariak izango dira Elena Laka bergararra, Eugenio Etxebeste arrasatearra, Mikel Ansola markinarra eta Bergaran bizi den Leo Juaristi azkoitiarra. Euretako bakoitzak pieza bana joko du.
Bergarako ikasleendako ez da Loiolako basilikan joko duten lehen aldia izango, ziklo beraren baitan beste behin ere egon ziren -eta. Beraz, ezagutzen dute. Elena Lakak dio agertoki "berezia" dela, eta bertako organoa jotzea "Ferrari bat gidatzea bezala" dela dio. Izan ere, Cavaillé-Coll organoa da, hiru teklatuduna.
Hain zuzen, zapatuko kontzertu hori berezia izango delako, Bergarako organo ikasleak buru-belarri entsegatzen ibili dira azken asteotan.