Panpinek bizitza dutela erakutsiko dute Bergarara etorriko diren askotariko jatorri eta ezaugarriak dituzten txotxongilo taldeek. Mostraren izenak adierazten duen moduan, helduentzako saioak dira gehienak, nahiz eta familientzako eskaintza ere badagoen; edozelan ere, haurrak helduekin joateko eskaera egin dute antolatzaileek.
Kaleko ikuskizunak eta tailerra doan izango dira, baina ordaindutako sarrera izango dute Zabalotegi aretoan eta gaztetxean egingo dituztenek. Zabalotegirako sarrerak zortzi eurotan salduko dituzte -leihatila emanaldiak hasi baino ordubete lehenago zabalduko dute- eta hiru eurotan, berriz, gaztetxekoak. Era berean, Cal Y Canto taldeak San Martin plazan kokatu duen txabola itxurako eraikienean egingo dituzten saioak doan diren arren, edukiera mugatua izango dute; hain zuzen, saio bakoitza hasi baino ordu erdi lehenago banatuko dituzte gonbidapenak.
Nazioarteko sariak dituztenak
Deabru Beltzak taldearen perkusioak, musikak eta pirotekniak zabaldu zuen, atzo, aurtengo edizioa, baina nazioarteko jaialdietan parte hartzen duten eta sari asko eskuratu dituzten artistak gonbidatu dituztela azaldu du Taun Taun Teatroa taldeko Itsaso Azkaratek: " Jaialdi askotara joaten gara eta horietan ikusten ditugun proposamen bitxienak ekartzen saiatzen gara. Oraingoan ere teknika ezberdinak erabiltzen dituzten lanak aukeratu ditugu. Istorio ganberroak dira batzuk eta serioagoak edo hausnarketarako bidea zabaltzen dutenak beste batzuk. Hitzak edo elkarrizketak dituzte batzuek, baina mutuak ere badaude. Askotariko objektuak manipulatzen ikusteaz gainera, zuzeneko musika eta efektuak entzungo ditugu. Pertsona bakarrak egindakoak dira batzuk, baina bikoteka eta taldean jarduten dutenak ere badaude".
Sortzaileen topagunea ere bai
Euren lanak erakusteaz gainera, artistek elkar ezagutzeko helburua ere badu Mostrak. "Elkarrekin hotel berean daude, bazkaldu eta afaldu elkarrekin egiten dute, batak bestearen lana ikusi eta aztertzeko aukera dute. Gurea moduko Mostra txikietako lagunarteko giroa asko eskertzen dugu guztiok".
Estilo askotako ikuskizunak
- Bang!: Volpinex (Frantzia).
• Non Zabalotegi aretoa.
• Noiz Egubakoitza, 20:00.
• Sinopsia Musikari batek eta manipulatzaile batek egiten duten western bat da. Oso umoretsua eta originala. Film baten grabaketa ikusteko aukera ematen du, eta baita grabatutakoaren emaitza ere. - 'Variette white': Roberto White (Argentina).
• Non Gaztetxea.
• Noiz Egubakoitza, 22:30.
• Sinopsia Mostran aurrez egondakoa da White; umorezko kabareta eskainiko du. Gorputzeko atalak eta eguneroko objektu txikiak erabiltzen ditu. - 'Perro perdido': Cal Y Canto (Gaztela eta Leon).
• Non San Martin plazan.
• Noiz Zapatua eta domeka, 13:00; 18:00; 19:30.
• Sinopsia Txakur baten ikuspegitik kontatutako istorioan, aktoreen zapatak eta bestelako objektuak dira lan horretako txotxongiloak. - 'Fauno': Nork Compañia In-pulso (Madril).
• Non Zabalotegi aretoa.
• Noiz Zapatua, 20:00.
• Sinopsia Dantza, antzerkia eta txotxongiloak bateratzen dituen lan estreinatu berria da. Panpinaren eta Mari Cruz Planchuelo dantzariaren bidaia sentimentala da. - 'Náufragos': La Industrial Teatrera. (Katalunia / Madril).
• Non San Martin plazan (euria egiten badu frontoian).
• Noiz Zapatua, 22:30.
• Sinopsia Bi clown-ek egindako kaleko ikuskizuna da. Askotariko teknikak eta objektuak nahastuta, edozer txotxongilo bihurtzen dute. - 'A mano': El Patio Teatro (Errioxa).
• Non Zabalotegi aretoan.
• Noiz Domeka, 18:00 (guztiontzako), 20:00 (helduentzako).
• Sinopsia Nazioarteko sari esanguratsuak dituzte; Australiatik datoz Bergarara. Buztinarekin kontatutako amodiozko istorioa da.
'Animatu', film laburren emanaldia
Zinema aretoetako eskaintzan ez dira ohikoak izaten animaziozko film laburrak; hori horrela, panpinak eta bestelako objektuak protagonista dituzten lanak ekarri dituzte aurtengo Mostrara. "Guretako, garrantzitsua zen erakustea oso modu sinplean zelako lan onak egin daitezkeen. Lan horiek ikusita, akaso, bat baino gehiago animatuko da era horretako lanak egiten", azaldu du Taun Taun Teatroa taldeko Azkaratek. Emanaldia Bergarako gaztetxean izango da, gaur, egubakoitza, 22:30ean, Roberto Whitek egingo duen Variete White ikuskizunaren ostean.
Eskainiko dituzten lanak:
- Ballon Zuz.: Satinder. Singh. Txapekin egindako panpinarekin eta marrazkiekin kontatutako istorio gozoa.
- Síndrome de linea blanca Zuz.: Lourdes Villagomez. Klarion batekin marraztutako pertsonaian oinarritutako film bitxia.
- El Viaje de Said Zuz.: Coke Rioboo. Goya saria du eta etorkinei buruzko lana da; plastilinaz egindako mutikoa da protagonista.
- Made in spain Zuz.: Coke Rioboo. Arkitektura arloan erabiltzen den moduko panpina txikia egoera ezberdinetan erakusten du.
- El ruido del mundo Zuz.: Coke Rioboo. Plastilina erabiltzen du oraingoan ere, baina kristalaren gaineko teknikaren bitartez.
'Stop-Motion' tailerra, bihar
Animaziozko filmetako Stop-Motion teknika ikasteko aukera izango da, UBIK Tabakalerako Ibai Aizpuruarekin. "Panpinekin lan egiteko aukera hori erakutsi gura dugu. Parte hartzaile bakoitzak, lana egiteko, telefonoa edo tableta ekarri beharko du", dio Itsaso Azkaratek.
12 lagunendako tokia dago, eta Aroztegi aretoan izango da (10:00). Izena emateko 670 224 209 zenbakira deitu edo idatzi tauntaunteatro@gmail.com helbidera. Zapatu goizera arte dago epea zabalik.