Feria eguna da gaur Elosuan

Maite Txintxurreta 2016ko urriaren 12a

Idi demak Elosuko ferian

Ganadu feriaren bueltan hainbat ekintza izango dira auzoan: umeendako jolasak, bertsoak, idi dema... Udalak autobus zerbitzua jarri du Bergarako erdigunetik joan etorria egin ahal izateko.

Urtero legez, baserritarrek euren ganadua ekarriko dute gaur, urriak 12, Elosuko feriara. Aurtengoan, gainera, zenbait ezohiko arraza ikusteko aukera izango da, Hazikoak elkartekoen eskutik.

Bestalde, janari postuak ere ugari izango dira plaza inguruan, eta belardian, berriz, arropak, jolasak eta bestelakoak saltzera ere etorriko da jendea. Urtero urtero jende ugari biltzen da Elosuan, saltzaileak zein feria bisitatzera datozen herritarrak. Gainera, frontoian txosna jarriko dute, eta bertan txorixo zein odoloste pintxoak eta edatekoa eskuratzeko aukera izango da.

12:00etan Nafar zuztarrak taldeak Elosuko gaztelua gogoratuko du ekitaldi baten bidez. Gero, 13:30ean, bertsoak izango dira Sebastian Lizasoren eta Jose Luis Gorrotxategiren eskutik. Arratsaldean, berriz, 17:30ean hasita, idi demak izango dira plazan, eta horiek bukatzean, erromeria. Gainera, egun guztian zehar Laja eta Lutxurdio trikitilariak arituko dira feria musikarekin girotzen. Aurten, bestalde, umeendako puzgarriak ere jarriko dituzte.

Autobus zerbitzua

09:30etik 15:00etara bitartean izango da Elosuko feriara joan etorria egiteko autobus zerbitzua. Autobusak Burdinatetik aterako dira, eta bidaia bakoitzak euro bateko prezioa izango du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak