Denboraldiko bigarren garaipena lortu du Bergarak

Josu Bilbao Atxutegi 2016ko urr. 8a, 21:50

Bigarren zatian egindako lan onari esker lortu ditu hiru puntuak Bergarako taldeak. Golegileak Markel Lizarbe (46. minutua) eta Martxel Garai izan dira (75. minutua). Ohorezko Erregional Mailan, bestalde, Mondrak 2-2 berdindu du Idiazabalen aurka, eta UDAk 1-2 gainditu du Ostadar. Aloña Mendik 0-2 galdu du Touringen kontra.

Hiru puntu garrantzitsu eskuratu dituzte Agorrosinen mahoneroek Azpeitiko Ikasberri K.E. taldearen kontra. Lehenengo zatian parekotasuna nagusitu da berdegunean, eta baita markagailuan ere. Baloi luze gehiegi erabili dute bi taldeek, eta epaileak azkar atera ditu txartel horiak, gainera, bi aldeetan. Etxeko taldeak aukera bikoitza aparta izan du 25. minutuan, baina Ikasberrik ederki atera du baloia, zartako gurutzatu baten, eta korner baten. Azpeitiko taldeak ere aukera polita izan du 43. minutuan, baina Bergarako defentsak langa azpian atera du baloia, atezainak hutsegite handia egin ostean.

Bigarren zatian, ausart zelairatu dira mahoneroak, eta 46. minutuan 1-0ekoa jarri du markagailuan Markel Lizarbek. Ezker hegaletik erdiraketa ederra jarri du Ibai Leizegak, eta Lizarbek, buruz, sareetara bidali du baloia. Ikasberrik erantzuteko aukera ona izan du neurketako 68. minutuan, baina jaurtiketa gehiegi gurutzatu ostean kanpora joan da baloia. 2-0ekoa, bigarren zatian zelairatu den Martxel Garaik lortu du, bakarkako jokaldi baten Ikasberriko atezaina gainditu ostean. Norgehiagokako azken aukera etxekoek izan dute, baina falta jaurtiketa zutoinera bidali du Bergarak.

Azkenean hiru puntu garrantzitsuak Agorrosinen gelditu dira, eta mahoneroak hirugarren kokatu dira sailkapenean, 8 punturekin.

Erregional preferente maila beste neurketak

Mondrak 1-2 galdu du Idiazabalen aurka, etxean, eta garaipena ezagutu barik jarraitzen du denboraldi honetan, sailkapeneko azkeneko postuan, gainera. Aretxabaletak garaipen bikaina eskuratu du, 4-2, Beasainen kontra, eta 7 punturekin laugarren jarri da sailkapenean.

 

Ohorezko Erregional maila

Erregional Preferentea baino maila bat gorago, Mondrak 2-2 berdindu du Martuteneren kontra etxetik kanpora, eta bosgarren jarri da sailkapenean 11 punturekin. UDAk, aldiz, garaipen garrantzitsua lortu du Ostadar S.K.T. taldearen kontra etxetik kanpora (1-2), eta Aretxabaletako taldea lider jarri da 15 punturekin.

Aloña Mendik burua altxa ezinik jarraitzen du, Touringen kontra 0-2 galdu ondoren, Oñatin. Denboraldiko laugarren porrota jaso dute, eta sailkapeneko azkeneko postuan jarri dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak