Laugarren urtez erreka garbiketa egingo dute auzolanean

Maite Txintxurreta 2016ko urr. 6a, 09:58

Urriaren 15ean izango da eguna, eta derrigorrezkoa da aurrez izena ematea.

Azkenaldian urtero urrian egiten den moduan, beste urte batez iritsi da Bergaran erreka auzolanean garbitzeko garaia. Urriaren 15ean izango da horretarako eguna, hurrengo zapatuan.

Auzolanean parte hartzera animatzen diren herritarrak 08:30ean elkartuko dira, hiru gune desberdinetan: Seminariokopatioan, Labegaraietako kiroldegian, eta Osintxuko plazan. Azken bi gune hauetan elkartzen direnak bertako erreka zatia garbituko dute, eta Seminarioan elkartzen direnak, berriz, taldeka gune desberdinetan banatuko dituzte. Hala, denetara 17 tramotan antolatuko dute jendea.

Arropa egokia, eta segurtasun eskularruak eramatea gomendatu dute. Dena den, antolakuntzatik ere banatuko dituzte eskularruak ez dituztenen artean.

Bukaeran, jan-edana

Boluntarioek egindako lanak saria ere izango du. Izan ere, eguerdi aldean bukatuko dituzte lanak, eta 13:30ean antolatzaileek jan-edana eskainiko dute hasierako elkartze puntuetan, azken urteotan bezala.

Izen ematea

Erreka garbitzera joateko ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea; izan ere, apuntatzearekin batera aseguru bat egingo diete, eta derrigorrezkoa izango da aseguru hori izatea. Dena den, herritarrek ez dute ordaindu behar izena emateagatik.
Hala, izen ematea datorren martitzena (urriak 11) baino lehen egin beharko da. Horretarako, hainbat bide daude. Esaterako, Udaltzainetan, Kultur Etxean eta Agorrosinen inprimakiak izango dira eskuragarri, eta horiek beteaz. Inprimaki hori internet bidez betetzeko ere eskuragarri dago.

Bestalde, errekagarbitzeko@gmail.com helbidera idatzita ere egin daiteke izen ematea. Bertan, norberaren izen abizenak, NAN zenbakia, jaiotze data eta kontakturako telefono bat eta e-posta helbide bat zehaztu beharko dira. Gune zehatz batean lan egitea nahi izan ezkero, bertan adierazteko aukera izango da, taldeak antolatzeko orduan kontuan izango baitute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak