Jonathan Escaparen erakusketa eguubakoitzetik aurrera, Aroztegin

Josu Bilbao Atxutegi 2016ko urr. 5a, 15:57

'AITZ.ARR.I(T)Z' izeneko erakusketa ikusgai egongo da Bergaran urriaren 21era arte.

Jonathan Escapa artistaren azalpena, erakusketaren inguruan:

Harri sendozko harbide batean aurkitzen dudan harri solte bat inguratzen duen espazioak hutsaren, tartearen noziorantz narama bere albotik igarotzen naizen aldiro. Hurrenez hurren dituenen artean tarte horrek berak bere presentzia nabarmentzen duen heinean, “frakasotzat”, gabeziarekin edota osotasunera iristeko falta denarekin erlazionatu ohi den hutsari abegi egin eta hustasun soila den horrekin zerbait ezberdina egiteko nahi edo behar bat piztuz.

Tarteak, bere aldetik, “bitartera” eramaten nau. Bitarte hau bi edo elementu gehiago harremanetan jartzen dituen espazio edo elementu bezala ulerturik. Edota elementuen gainjarketan gertatzen edo eraikitzen den espazioa bezala. Ikustezinak diren barne gura, behar, desio edo dena delakoen artean eraikitako formak zerurantz altxatzeaz gain, aldi berean lurrarekin konektatzen dituen peana bezala, ni ere, “bitarte”-kari bat besterik ez naizelako sentitzen prozesu guzti honetan.

Bidelagun ugari agertuko dira bidean. Azpeitia aldetik Izarraitz gaina koroatzen duen San Inazioren estatua bere erromes makila eta guzti, Kakuetako gurutzea edota bere magalean zaindari duen Jorge Oteiza beraren “Batarrabi” eskultura nahiz bere gogoeta batzuk ere. Laboak kantatuko lukeen bezala “lau gelatako etxe txiki” honen inguruan eraikitako proiektu bat da, beraz, hemengoa.

Iturri ezberdinetatik jasotako hori barneratu eta material anitz bezain ezberdinekin guzti horri forma emateko saiakera bat. Mundua ezagutzeko, ulertzeko edota ordenatzeko beste modu bat. Mundu horrek, agian, kanpokoarekin baino barnekoarekin zerikusi gehiago badu ere.

Topiko tipikoa dirudien arren, nik ere txikitan dezente marrazten omen nuen. Shanty Oria margolariaren zuzendaritzapean egingo nituen nire lehen saiakera serioak marrazketaren munduan. Proportzioei, argiilunei, xehetasunei erreparatuz begirada nahiz eskua trebatuz. Urte luzez artearen mundutik nahiko urrun ibili ondoren duela sei bat urte arkatzarekin nuen harreman hura berreskuratzen saiatzen naiz.

Ordutik hona Udane Juaristi margolariarekin klaseak, Dirk Dzimirsky artista hiperrealistarekin marrazketa ikastaro txiki bat, Izaskun Lapaza dantzariarekin dantza garaikide klaseak, diziplina anitzeko artista den Nuria Legardarekin tailer bat eta Arte Ederretako ikasketak, besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak