Eskubaloikoen eta saskibaloikoen estreinaldia etxean

Julen Iriondo 2016ko ira. 30a, 12:50

Aurrenekoek Leizaranen kontra jokatuko dute, bigarrenek Ganbara izango dute kontrario.

Edu Orgazen mutilen eta Leizaranen artekoa bihar –zapatua– 18:00etan izango da Labegaraietan. "Iaz egindakoa hobetzea" izango da aurtengo helburua, Orgazek dioenez: "Nahikoa justu ibili ginen. Zortzigarren geratu eta ozta-ozta libratu ginen, lau talde jaitsi ziren-eta. Aurten lehenengo sei-zazpietan sartu nahi genuke, nahiz eta ez den erraza izango". Goitik jaitsitako taldeekin, aurtengorako liga "nahikoa gogorra" geratu dela dio entrenatzaileak.

Orain arteko prestaketa partiduetan denetarikoak ikusi dituela dio, baina ez dituztela "60 minutu onak" egin. Litekeena dela lan fisikoak eragina izatea horretan; txapelketan ze maila ematen duten ikusteko gogoz da.

Taldeari dagokionez, aurreko denboralditik hona aldaketa gutxi batzuk baino ez dituzte izan, eta orduan hasitako lanari jarraipena ematea izango da aurtengo egitekoa: "Zenbait gauza automatizatu ditugula ikusi dut". Defentsan oinarritu nahi du prestatzaileak taldearen lana.

Senior mailako taldearekin batera, infantilek, kadeteek eta gazteek ere jokatuko dute asteburuan. Horiei nesken infantilak eta kadeteak gehituta, aurten sei talde izango ditu Bergarak, iaz baino bi gehiago. Dena den, klubeko arduradunek infantilen bi taldeak osatu nahi dituzte, eta dei egin diete neska-mutikoei proba egitera bertara daitezen Labegaraietara, martitzenetan eta eguenetan 17:30ean. Eta gauza bera Eskubaloi Eskolaren kasuan: hauek astelehenean hasiko dira, ordu berean.

Saskibaloi taldea, hasita

Saskibaloikoek aurreko astean hasi zuten liga Astigarragan –porrotarekin–. Maila galdu eta gero, aurten Gipuzkoako Bigarren Mailan jokatuko dute berriro. Xabat Irazolak izango du taldea gidatzeko ardura –jokatu ere egingo du–; gidatzekoa, eta ahal bada berriz ere Lehenengo Mailara eramatekoa: ez du ezkutatzen hori dela aurtengo helburua. Bihar, 16:00etan, Labegaraietan dute lehen urratsa egiteko aukera, Ganbararen kontra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak