Arkonada, Gorriz, Santi Bakero eta aurpegi ezagun gehiago Jesus Mari Larrañaga 'Gindi'-ri egindako omenaldian

Gindin Lagunek, Errealeko beteranoek, Eibarko futbol taldeak eta Bergarako Kirol Elkarteak antolatuta, omenaldi xume baina jendetsua eskaini diote bergarar Jesus Mari Larrañaga Gindi-ri. Agorrosingo futbol zelaian batu dira Realeko jokalari ohiak, Eibar taldekoak eta baita, nola ez, baita Bergarako futbol taldeetako jokalariak ere.

Goizeko 10:00etan ekin diote egitarauari Bergara Kirol Elkarteko lehenengo mailako jubenilak izandako jokalariek jokatu duten partiduarekin eta 11:30ean izan da omenaldia. Txalo artean jaso dute Jesus Mari Larrañaga Gindi eta zelai erdira iristean Agurra dantzatu dio Joxu Aranak. Ondoren etorri dira bestelako eskaintzak; esaterako Bergara Kirol Elkarteko presidente Iñigo Zaitegik kamiseta bat oparitu dio eta Jabi Iñarrak Lasa jatetxean bi pertsonarendako gonbidapena eman dio.

Alberto Gorriz Bixiok, Luis Arkonadak, Expositok eta Santi Bakerok Realeko kamiseta oparitu diote eta Eneko Kortabarriak, berriz, Gindi Lagunak egindako kamiseta berezia. Julen Juaristi Bergara Futboi Taldeko jokalariak eman dio harendako propio egindako bideoa. Gindirendako bakarrik ez, haren emaztearendako ere izan da aipamenik. Jabi Igartzak lora sorta eskaini dio.

Ondoren, Realeko Beteranoek eta A ze flaxa Bergara taldeko kideek partidua jokatu dute. 1-5 irabazi du Realak partidua. Ondoren, bazkaria egin dute Seminarioko karpan. 230 lagun inguru batu dira bertan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.