225 lagun inguru batuko dira 'Gindi' omentzeko bazkarian

Julen Iriondo 2016ko ira. 23a, 09:40
Gindi, baloiarekin, Realeko beteranoen taldearekin.

Bihar, zapatua, egingo dute bazkaria, futbol jokalari eta entrenatzaile ohi Jesus Mari Larrañaga Gindi omentzeko bere lagun talde batek antolatu duen egitarauaren barruan. 14:45ean izango da, Seminarioko karpan. Bazkariaren aurretik bi futbol partidu izango dira, eta tartean omenaldia.

Jesus Mari Larrañaga Gindi. omentzeko eguna izango da biharkoa; era batera edo bestera futbolarekin lotuta urte mordoa eman eta gero eta dagoeneko entrenatzaile lanak utzita, bere kirol ibilbidea aitortzeko egingo dute ospakizuna. Bergaran, Realean eta Eibarren, zelaian eta aulkitxoan ibilitakoa da Gindi, eta hiru klubetako ordezkariak izango dira omenaldian.

Kirol ibilbidea

1965ean Bergarako gazte mailako taldean hasi eta lau urte egin zituen herriko taldean jokatzen. 69-70 denboraldian Realera joan zen, bigarren taldera, eta handik hamarkada batera liga txapeldun izan ziren hainbat jokalarirekin jardun zuen han –Arkonada, Kortabarria, Olaizola...–. Lehenengo taldearekin entrenatzera eta aurre-denboraldia egitera ere iritsi zen, nahiz eta jokatzera ailegatu ez. 74-75 denboraldian Eibarren jokatu zuen Realak utzita, 2.B Mailan, eta handik Bergarara itzuli zen berriz. 1978ra arte jokatu zuen, eta beste bi urte egin zituen entrenatzaile, lehenengo taldea 3. Mailara eramanaz. Ondoren utzi, baina beste bi alditan ere ibili zen mutikoak entrenatzen, bost eta zortzi urtez, hurrenez hurren, 80ko hamarkada amaieran eta hurrengoaren hasieran, eta 2015ean utzi zuen arte azkena. Aldi berean, 2013ra arte Realeko beteranoen entrenatzaile ibili zen hogei bat urtez –urtebetez jokatu ere egin zuen–.

Eta, hain justu, Realeko beteranoei sortu zitzaien omenaldia egiteko ideia. Herriko talde A Ze Flaxakoak –haien bueltan ere ibilia da– ere batu zitzaizkien, eta Gindiren lagun talde batek ekin zion antolatzeari: "Askok ezagutzen eta maite dugu Gindi", dio Fernando Juaristik.

Egitaraua

Jaiarekin hasteko, 10:00etan Agorrosinen, 2007 eta 2015 artean gazte mailan Gindi entrenatzaile izan zutenen arteko partidua izango da; 11:30ean egingo dute omenaldia, eta 12:00etan Realeko beteranoen eta Bergara eta A Ze Flaxa taldeetako jokalari beteranoz osatutako konbinatu baten arteko partidua izango da; 14:45ean, azkenik, bazkaria egingo dute Seminarioko karpan. Gorriz, Salva Iriarte, Idigoras, Uralde, Fuentes, Uria... espero dituzte bihar herrian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak