Kulturak hartuko du kalea, eta oraingoan asteburu osoan, gainera

Bisita gidatuak, musika eta abesbatzak, kantu jira, tailerrak eta dantza ikuskizuna izango dira, besteak beste, 'Kultura kalera' ekimenaren barruan.

Gaur arratsaldeko Moises Azpiazuren oroimenezko dantza txapelketaren ondotik (Ikus 31. orria), kulturaz jantziko dira kaleak domeka iluntzera bitartean –iaz egun bakarra izan zen–. Biharko lehen ekintza Jauregi etxeko erliebearen gainekoa izango da, eta herriko ondareari buruzkoak ezagutzeko beste aukera bat izango da arratsaldean: bisita gidatua.

Musikaren txanda izango da ondoren. Orkestra Sinfonikoaren Metal taldea 18:30ean plazan, eta jarraian San Joxepe eta Aritzeta abesbatzak, Bergarako Orfeoia, Orfeoi Gaztea eta Alai taldea; talde bakoitzak bina kantu abestuko ditu. Bukaeran, Bergarako ereserkia kantatuko dute Orkestrako kideen laguntzaz. Alfredo Gonzalez Chirlaquek zuzenduko du saioa. Eguraldi txarra egingo balu, Santa Marina parrokian izango litzateke emanaldia. Hau bukatuta, kantu jira herrikoia izango da Bergarako kaleetan.

Domeka goizean ere izango dira bisita gidatua eta musika, eta eguerdian hasita tailerrak egingo dituzte plazan: Taila elkartea, Zeramika elkartea, Bolillos taldea, BET Erraldoi Konpartsa, Stoltz-Freres Organoaren Lagunen Elkartea, Batukada taldea –aurtengo nobedadea–, Beart eta musika eskola izango dira tailerretan. Azken hauek, adibidez, instrumentuak ikusteko eta probatzeko aukera emango dute, eta Musioka jokoa egingo dute. Pol Pol argazki taldearen erakusketa ere izango da.

19:00etan hasiko den dantza ikuskizunean, berriz, dantza eskolakoekin batera ariko dira Zumarragako Irrintzi dantza taldekoak eta Orfeoi Gaztekoak, eta musika eskolako musikariak ere bai.

Jauregi, Mudejar erako adibide gorena

Migrazioak eta kultura ondarea gaitzat hartuta antolatutako Europako Ondare Jardunaldien barruan, Bergaran izango da Gipuzkoako ekintzetako bat, Jauregi etxeko erliebeari buruzkoa, alegia. Jesus Muñiz Petralandak –Euskal Herriko Behe-Erdi Aroko artean aditua– hitzaldia egingo du aurrena, eta bisita egingo dute gero, azaldutakoa bertatik bertara ikusteko. Mudejar erako artearen Euskal Herriko kalitate handieneko adibidea da Jauregi. etxea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.