Eta, eguerdi aurretxoan, batean eta bestean ibilitakoek plazan egin dute bat, egunerako prestatutako manifestua entzuteko.
Sei ikaslek –ikastetxe bakoitzetik bi– izan dute idatzia irakurtzeko ardura: "Gaur arazorik gabe jolastuko gara, plazan, Bidekurutzetan eta Barrenkalen. Baina, guk, nahiko genuke gaurko moduan egunero jolastea, eta ez bakarrik Barrenkalen, plazan eta Bidekurutzetan, baizik eta herri guztian. Jolasten garenean, kotxeak beti traban egoten dira, eta gu beti kotxeak zaintzen ibili behar gara; ez gaude ados. Guk nahi duguna da Bergaran askoz kotxe gutxiago egotea; gure desplazamendu guztiak kotxez egin beharrean, bizikletaz, oinez edo patinetean egitera gonbidatzen zaituztegu", adierazi dute neska-mutikoek.
Ikasleen ekimenez egin da, hain justu, aurten lehenengo aldiz, Autorik Gabeko Eguna, eurek Eskolako Agenda 21ean proposatuta; eta Udalak aintzat hartu du eskaria. Elena Lete alkateak ohiturak aldatzera gonbidatu ditu herritarrak: "Helduon kezka handi bat da aparkatzeko leku gutxi daudela. Baina Bergara oso herri egokia da oinez eta bizikletaz ibiltzeko".