Arcelor Luzeak negozioaren egoera salatu dute Arcelor Mittaleko langileek

Leire Kortabarria 2016ko ira. 21a, 17:44

Bergarako Arcelor Mittal lantegiko beharginek lanuztea egin dute gaur, eguaztena; aho batez onartu zuten enpresa komiteak egindako proposamen hori. 14:00etatik 14:30era bilkura egin dute lantegiko sarreran. Helburua izan da Arcelor Luzeak negozioaren inguruan gertatzen ari dena salatzea.

Lanuztearen zergatiak honela zehaztu ditu enpresa komiteak prentsa ohar bidez:

“Egoera orokorraren barruan zuzendaritzak otsailean erabaki zuen Zumarragako lantokia ixtea. Uztailean (opor aurretik) Arcelor Zaragoza saldu izana Galiziako Megasa taldeari; irailean sektoreko inbertsore bat Bergaran izana; Arcelor Luzeak Europatik Europa hegoaldeko arduradun nagusia desagertzea, kontutan izanda Zumarraga, Zaragoza, Bergara eta Olaberriako lantegiak eremu horretan sartzen garela”.
Prentsa ohar horretan, gaineratzen dute zuzendaritzarekin bilerak egiteko eskaerak “ugariak” izan direla eta ez dutela “inongo erantzunik” jaso.

Bilerarik ez da egiten

Horiek arrazoi nagusiak izanda ere, “eguneroko jardueran gertatzen diren arazoei” konponbideak aurkitzeko bi hilean behineko komitearen eta zuzendaritzaren arteko bilerak ere ez direla betetzen salatzen dute. “Zuzendaritzak ez ditu bere betebeharrei aurre egiten.
Espero dugu neurri hauek nahikoa izatea Zuzendaritzak orain arte mantendu duen jarrera aldatzeko”, gaineratu dute langileen ordezkariek.

11 langile kalean

Enpresa komiteko kide den Luis Alberto Elortzak azaldu du azkenaldian Zumarragan lanean zebiltzan Bergarako hamaika lagun kalean geratu direla Urolako planta itxi ostean. Gaineratu du komitea akordio batera iritsi zela zuzendaritzarekin, eta akordio horren arabera, langile horiek Bergarara itzuliko zirela adostu zutela. "Gaur gaurkoz, ez dakigu noiz etorriko diren, ez dakigu ezertxo ere", dio Elortzak.

Horrez gain, salatu dute segurtasuneko, gizarte baliabideetako eta kalitateko sailetako arduradunak, lehenago Zumarragako eta Bergarako lantegietarako lanean zebiltzanak, Bergaratik ere joan egin direla. Hori dela eta, nabarmendu dute eguneroko lan jarduna normaltasunez jarraitzeko arazoak ere badakartzala egoera honek.

"Behin behineko arazoa"

Arcelor Mittaleko komunikazio sailetik aitortu dute azken boladan ez dela langile eta zuzendaritzaren artean bilerarik burutu, eta adierazi dute honakoa "behin behineko arazoa" dela. "Zumarragako plantaren itxieraren eta Zaragozakoaren salmentaren ostean, Arcelor Luzeak linea berrantolaketa prozesu baten baitan dago", azaldu dute.

Hala, adierazi dute behin egoera normaldutakoan "lehenbailehen" berrekingo dietela bileroi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak