Zazpi bikote lehiatuko dira Bergarako Dantza Solte Txapelketan

Bikote bat dantzan 2012ko txapelketan.

San Martin jaietako egitarauaren barruan, Bergarako Musika eta Dantza Eskolak, Udalaren laguntzarekin batera, Moises Azpiazu 31. Dantza Solte Txapelketa antolatu du. Udal Pilotalekuan izango da, arratsaldeko zazpietan hasita.

Joan den urtean bezala, 16 urtetik gorako zazpi bikotek eman dute izena txapelketan, guztiak gipuzkoarrak. Horien artean, Julen Murgiondo eta Saioa Galarraga bergararrak daude. Bikote horrendako aurreneko urtea da nagusien kategorian.  Aurreko urteko txapeldunak ere, Xabier Artola (Irura) eta Idoia Besada (Pasaia), taula gainean izango dira. Trikitilariek joko dituzten fandangoa eta arin-arina dantzatu beharko dituzte bikote guztiek.

Urriaren 15ean Seguran jokatuko den Euskal Herriko txapelketa gertu dagoela kontuan izanik, Bergarakoa prestaketa moduan erabiliko dute dantzariek.

Baloratzeko bost irizpide

Bergarako Musika eta Dantza Eskolako idazkari Nekane Gabilondoren esanetan, dantzariei puntuak emateko orduan bost irizpide erabiliko dira: pausoen trebezia eta kalitate teknikoa, gorputzaren jarrera, arlo artistikoa, erritmoa eta akatsak, hain zuzen ere. "Pausoei dagokienak gerritik beherakoari egiten dio erreferentzia. Gorputzaren jarrera, ostera, gehiago zentratzen da sinkronizazio, koordinazio eta oreka kontuetan. Arlo artistikoan, dantzarien estiloa baloratuko da eta erritmoari dagokionez, besteak beste, hasierak, amaierak eta pausoen azentuazioa".


Dantzariak akatsen bat eginez gero, bikoteari puntuazioa jaitsi egingo zaio, betiere, "akatsaren arabera". Honen harira, epaimahaia Euskal Dantzari Biltzarrak izendaturiko hiru kidez egongo da osatua.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.