"Esan ziguten denbora asko zela ez zutela halako egun batekin gozatu, halako karrerekin", zioen gustura Almortzak.
Valentziako, Aragoiko, Nafarroako eta EAEko bina ganadutegik hartu zuten parte Chivako sokamuturretan, antolatzaileek gonbidatuta, eta ganadutegi onena izateagatik 2.000 eta zezen onenagatik 500 euroko sariak irabazi dituzte bergararrek.
Zezen onenaren saria Sindikalista izenekoarekin lortu zuten: "Aurretik soka-mutilak joaten dira, eta denak pasa zituen aurretik bost aldiz-edo, eta hori da gauza bat oso gutxi ikusten dena. Oso ondo bukatu zuen ibilbidea, zezena gora etorri zen, gero eta arrisku gehiago zuen, eta hori han asko baloratzen da".
Halakoek ganadutegiari "prestigio handia" ematen diotela zioen Almortzak. Lehenengo aldiz lortu dute Bergarakoek halako sari garrantzitsu bat.