Partiduaren aurretik, bi taldeetako jokalari eta entrenatzaileek, eta Kilometroak 2016ko ordezkariek argazkia atera zuten Demasa pankartarekin batera. Bestalde, Aitziber Lopez de Aretxaga Bergarako Aranzadi Ikastolako lehendakariak eta Nekane Artola Kilometroak Kultur elkartekoak lore sorta bana eman zieten bi taldeetako kapitainei, Alba Menendezi eta Araitz Urtiagari, hurrenez hurren.
Bera Bera hasieratik amaierara arte nagusitu zen, azkar jokatuz, kontraeraso bortitzekin, baina zarauztarrak ere tinko eutsi zioten eta partiduan izan ziren bukaerara arte.
Parekidetasuna
Parekidetasuna da Kilometroak 2016ren balioetako bat. Eta, alde horretatik, atzoko partidua oso garrantzitsua dela azpimarratu du Ekaitz Aranberri koordinatzaileak. "Pozgarria da, benetan, goi mailako emakumezkoen eskubaloi partidu hau ikustera horrenbeste jende etorri izana Labegaraietara" esan du.
Bera Berakoek aurtengo udan jokatu dituzten aurre denboraldiko bost partiduak irabazi dituzte eta beste bi txapelketa irabazi. Aurtengo Ligako eta Kopako txapeldunak Iruñeako Anaitasuna kiroldegian hasiko du ofizialki denboraldia, larunbatean, Superkopan, Barakaldo Zuazoren aurka. Eta, ostean, Txapeldunen Ligako sailkapen fasea jokatuko du irailaren 9an eta 10ean Donostiako Gasca kiroldegian. Hala, Liga txapelketa irailaren 14an hasiko dute donostiarrek, Aula Culturalen aurka.
Zarauztarrak, bestalde, abuztu erdialdetik dabiltza entrenatzen eta irail erdian hasiko dute Liga, iaz zilarrezko mailara jaitsi ostean. Aurreko denboraldian Ohorezkoan aritu ziren Bera Berarekin.