Jokin Etxabe: "Etorkizuneko Tourretik dakardan pedal kolpea erakutsi nahi dut"

Josu Bilbao Atxutegi 2016ko abu. 30a, 10:22
Jokin Etxabe. Argazkia: Remi Dallot.

Etorkizuneko Tourrean parte hartu du Bergarako txirrindulariak, azken orduko deia jaso ostean. 23 urtez azpiko munduko ziklista onenekin lehiatzeko aukera izan du Etxabek.

Entrenatzen zebilela, Espainiako selekzioaren deia jaso zuen Jokin Etxabe bergararrak Etorkizuneko Tourrean gaixo zebilen Enric Masen tokia hartzeko: "Ni nengoen lehenengoa erreserban eta parte hartzeko aukera nuela esan zidaten, eta baietz esan nuen. Esperientzia polita izan da. Zortea izan dut, eta gainera aukera aprobetxatu dut".

Espainiako selekzioko taldekideekin "gustura" ibili da Etorkizuneko Tourrean Jokin Etxabe. "Batzuk ezagutzen nituen, eta Muriaseko bat ere bazegoen. Giro ona izan dugu gure artean", esan du Bergarako ziklistak.

"23 urte azpiko munduko sei txirrindulari onenak daude selekzio bakoitzetik, eta gehienak profesionalak dira. Ni moduan, profesionalak ez direnak oso gutxi izan gara. Beste erritmo baten joaten dira, eta beste maila bat dela esan daiteke", azaldu du Etxabek.

Sailkapen nagusian 37. gelditu da bergararra: "Pena izan da etapa batzuetan aurreneko 20en artean ere sartzeko aukera edo gaitasuna izan dudalako, eta anbizioarekin gelditu naizela esan daiteke. Hala ere, hain luzeak diren mendateetako sarrerak indartsu egiten dira, lehenengo bost edo sei minutuak, eta oso azkar egiten zirenez asko sufritzen nuen. Gero gorputzari buelta ematea lortu nuen, eta hobeto joaten nintzen. Azkenean ni ez nago ohituta. Hala ere, profesionalak ez diren txirrindularien artean 5. gelditu naiz, eta horregatik batez ere oso pozik nago".

Denboraldia bukatzeko lau proba gelditzen zaizkio Etxaberi, aurten agur esango duen Seguros Bilbao taldearekin: "Polita izango litzateke Etorkizuneko Tourretik ekartzen dudan pedal kolpe hori hemen erakutsi ahal izatea. Lasterketa bat irabazi ahal dudan, edo behintzat oso gertu ibili. Taldea desagertu egingo da, eta eurei ere egiten duten lana zenbakiekin edo emaitzekin bueltatu nahi diet".

Jokin Etxabe, bigarrena eskuinetik, taldekideekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak