Arkitektura garaikidea protagonistatzat duen argazki erakusketa

Joseba Leturia argazkizale bergararrak atzo inauguratu zuen mostra Aroztegi aretoan. Azken hamar urteotan egindako hogeitamar argazki baino gehiago topa daitezke bertan, munduko txoko desberdinetako eraikin modernoak erakusten dituztenak.

Aparejadorea da ofizioz Joseba Leturia bergararra, eta naturarekin edota kirolarekin lotutako argazkiak diren arren gehien lantzen dituenetarikoak, erakusketa honetan arkitekturaren gaia hautatu du, "zerbait desberdina" erakustearren.

Aretoan Euskal Herrian zein munduan zehar (New Yorken, Berlinen, Toronton...) kokatutako eraikinen argazkiak topa daitezke, guztiak ere Leturiaren ikuspuntu bereziaz. Argazkilariak aipatu du bere kuttunetako bat New Yorkeko Chrysler etxeorratzarena dela. Hain zuzen, lan hori da besteengandik gehien desberdintzen dena; izan ere, agertzen direnetako eraikinik zaharrena da, eta, beraz, ezingo litzaioke arkitektura modernoaren etiketa jarri. Hala ere, "ezin nuen kanpoan utzi", dio Leturiak.

Irailaren 11ra arte ikusgai

Joseba Leturiaren argazki erakusketa ikusteko aukera irailaren 11ra arte izango da Aroztegi aretoan. Aretoaren ordutegia honakoa da: martitzenetik egubakoitzera: 18:00etatik 20:30era; zapatuetan: 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era; domeka eta jai egunetan: 12:00etatik 14:00etara.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.