Saneamendua hobetzeko hainbat lan Bergaran, abuztuan hasita

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko abu. 4a, 09:31
Aritzetako baserri bidea koponduta.

Bergarako Udalak zenbait baserri-bide, Labegaraietako ur eremua eta Fraiskozuri kaleko saneamendua hobetuko ditu uda honetan zehar.

Landa eremua indartzeko helburuarekin jarraituz, Bergarako Udalak baserri bideetan hainbat lan egingo ditu. Atzo, abuztuak 3, baserri bideetako sastrakak eta sasiak kentzeari hasi ziren. Azken aldian zolatutako bide publikoak garbituko dira, 90 kilometrotan zehar. Elosumendi enpresa arduratuko da lanez eta hilabeteko epean amaituta egotea aurreikusten da. Lanek 20.600 euroko aurrekontua dute.

Labegaraietako ur biziak

Bestalde, Labegaraietako ur bizien eremuan hobekuntza lanak egingo dira. Ibaira jaisteko dauden hiru bidexkak egokitu, nabigazio kanalean ateak sortu, desinfekzio sistema eratu eta ingurumen ikuspuntutik, ibaiaren ertza egokitu izango dira egingo diren obrak. Lanak bi hilabeteko iraupena dute eta abuztuaren bigarren hamabostaldian hasiko dira. Construcciones Artzamendik egingo ditu lanak eta horretarako, 34.725 euroko aurrekontua izango du.

Fraiskozuriko ur zikinak, Mekolaldera

Azkenik, Fraiskozuriko saneamendua hobetzeko lanen baitan, frontoiko etxe guztien ur zikinak jaso eta kolektorera bildu ondoren, Mekolaldeko araztegira bideratzeko lanak egingo dira. Obra abuztuaren 22an hasiko da, eta hiru hilabetez luzatuko da esku-hartzea. Construcciones Lasuen enpresak egingo ditu lanak, 72.594 euroko aurrekontuarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak