Manu Diaz da Espainiako ehungintzako elkarte nagusietako baten presidente berria

Manu Diaz.

Manu Diaz bergararra da Espainiako ehungintza enpresen elkarte garrantzitsuenetako baten buru berria. Hain zuzen, Espainiako Ehungintza Batzordeak (Consejo Intertextil Español-CIE) aho batez aukeratu du Díaz kargu horretarako.

Valentzian egindako batzar baten izan da aukeraketa. Bi urterako aukeratu dute Díaz presidente kargurako, orain arte lan hori egin duen Alejandro Laquidainen ordez.

Díazek Tavexen egin zuen bere lan-ibilbide guztia. Gaur egun, enpresen aholkularia da, bereziki sektore horretakoak baina baita bestelakoak ere. Aitpa eta Texfor elkarteetako presidente izan da, eta CIEko presidenteorde ere bai. Kargua hartzerakoan, bergararrak Laquidainen “lan arrakastatsua” goraipatu du eta harek markatutako norabidean lanean jarraituko duela esan du. CIE “sektorearen erreferentziazko elkartea” dela ere esan du.

“Ehungintza sektorea inoiz baino biziago” dagoela esan ondoren, ohartarazi du egoera hori indartzeko “eragile guztiek modu koordinatuan” jardun behar dutela.

CIEri dagokionez, 1979an sortu zen elkarte hori eta Espainiako ehungintza sektoreko erakunde eta enpresa nagusien koordinazio eta ordezkaritza lanak egiten ditu.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.