Maxim's tabernako Kristian Arantzabalek irabazi du Santa Marina jaietako Gin-Tonic txapelketa

Larraitz Zeberio Lekuona 2016ko uzt. 16a, 23:28

Bergarako Maxim's tabernako Kristian Arantzabal lehiaketa irabazi duen Gin-Tonica prestatzen.

Auzoko zortzi tabernarik hartu dute parte jai batzordeak lehenengo aldiz antolatutako lehian. Aurrez ondo prestatuta etorri dira guztiak, baina epaimahaia bat etorri da. Publikoak ere izan du botoa emateko aukera. Astelehenean jakinaraziko dute publikoaren saria.

Bergarako Santa Marina jaietan Gin-Tonic lehiaketa egin dute aurten. Simon Arrieta plazan egin dute gaur arratsaldean, eta auzoko zortzi tabernari animatu dira parte hartzea. Matxategi, Aralar, Kayak, Arrano, Kai, Maxim's, Pol Pol eta Eusebio tabernetako ordezkariak, hain zuzen ere.

Binaka gertatu dituzte Gin-Tonic tragoak, nork bere osagaiak aukeratuta. Guztiek amaitu dutenean bost lagunek egin dituzte epaimahai lanak, eta esan dutenez oso maila ona egon da. Parte-hartzaileek ahalegin berezia egin dute, eta landutako tragoak aurkeztu dituzte bai zaporeari dagokionean eta bai aurkezpenari dagokionean.

Epaimahaiaren saria Maxim's tabernako Kristian Arantzabalenda izan da. "Ez nuen espero inondik ere. Egia da ondo landutako Gin-Tonic-a ekarri dugula. Emazteari asko gustatzen zaio, eta errezeta berarena da", esan du irabazleak. Sekretu gutxi dagoela azaldu du: "Neurriei tamaina hartzea, tonika oso poliki botatzea, gutxi eragitea eta dena hotza egotea". Aitortu du osagai berezi batzuk bazituela gaurko Gin-Tonic edariak: "Bota diot ipuru edo enebro apur bat, viscum lore-hostoak eta carambola fruta tropikal apur bat".

Publikoak ere zortzi Gin-Tonic edariak dastatzeko aukera izan du, eta nahi izan duenak botoa eman du. Jai batzordetik esan dute astelehenean jakinaraziko dutela publikoaren saria norentzat den.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak