Kontzertua Errekalde parkean izango da –eguraldi txarrarekin, Mariaren Lagundiko elizan–: "Oso parke politak daude Bergaran, eta pentsatu dugu paraje horiek aprobetxatzea", adierazi dute antolakuntzatik. Eguneko programa Habanerekin osatua egongo da, hasieratik bukaerara: "Estilo hau oso ezaguna eta maitatua da Euskal Herrian", diote. Pianoan Anabel Henao eta Eli Mendiaraz ariko dira, eta Nere Ibarra eta Ainara Uribesalgo, bakarlari.
Domeka
Domekarako, berriz, ohiko erromeria dago gertu. 09:30ean alborada hasi eta ordu erdira San Martzialerako igoerari ekinda, 21:00etako txupinazora arte festa giro handia izango da. Ohikoak ez dira faltako aurten ere: jolasak, herri kirolak, larrain-dantza, aurreskua... Bertsolarien saioa ere izango da, Iñaki Murua eta Anjel Mari Peñagarikanorekin. Dantzarako doinuak, berriz, Laket taldeak jarriko ditu.