Eguerdiko mezan batu dira hainbat eta hainbat auzotar bertako patroiaren egunean, San Joxepe abesbatzaren laguntzaz girotuta.
Elizatik ateratzean, txorizoa eta salda banatu dute, eta trikitilari eta pandero joleen musikaz lagunduta, jai giroan murgildu dira bete-betean.
Lore sorta eta ortu lehiaketa
Bosgarrenez, lore sorta lehiaketa antolatu dute aurten ere auzoan; nola ez, San Juan erramua izan da protagonista, antzinako sinesmenen arabera espiritu gaiztoak uxatzen laguntzen duena.
Irene Zenitagoia aditua arduratu da epaimahai lanak egiteaz, eta erabaki du Angiozarko Mertxe Altuberen lore sorta izan dela guztietan osatuena eta ederrena. Denera, 30 lore sorta aurkeztu dituzte gaurkoan.
Ortu lehiaketako irabazlearen izena ere gaur eman dute jakitera. Elortza baserriko Madalena Aranburuk jaso du saria. Aste honetan zehar epaileak baserriz baserri ibili dira baratzak begiratzen, eta gaur guztien argazkiak jarri dituzte ikusgai eliza aurrealdeko plazan.
Nagusiei omenaldia
San Juan eguna auzoko nagusiendako berezia izan ohi da, eta aurten ere hala izan da, noski. 80 urtetik gorako sanjuandarrei aurreskua dantzatu diete auzoko dantzari gazteek, omenaldi gisara. Gero, eguerdian, erretiratuek bazkaria izan dute Tartufo jatetxean.