Dantza eta jaia suaren inguruan

Maite Txintxurreta 2016ko ekainaren 24a

San Juan bezperako gaua magikoa dela diote, eta atzo ere hala bizi izan zuten bergararrek. Urtero legez, San Martin plazaren erdian su handi bat piztu zuten, eta haren inguruan sorgin dantza egin zuten.

Gaueko hamarrak eta erdietan eman zioten su egun osoz plazan egon zen paper, kartoi eta bestelakoez osatutako menditxoari. Hala, egunean zehar zein gauez herritarrak urteko gauza txarrak edota eskolako apunteak bertara bota ahal izan zituzten, garretan kiskali zitezen.

Eguraldi onaz eta udako gauetako epeltasunaz lagunduta, gauerako plaza herritarrez bete-bete egin zen. Sua pizteaz bat, gonaz, alkandoraz eta kapelaz sorgin koadrila bat atera zen plazaren erdira, haren inguruan urteroko dantza egitera.

Horren ostean, hala nahi zuten herritar guztiak atera ziren polka dantzatzera, korro handia osatuz eta jai giroan guztiz murgilduta.

Sua txiki geratu zenean, zuzeneko musika lasaiaz eta kantu ezagunez gozatu ahal izan zuten bertaratutakoek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak