Demode Quartet taldearen zuzenekoa zapatuan

Maite Txintxurreta 2016ko eka. 24a, 09:43

Iruñeko laukoteak 'Epa!' izeneko disko berria aurkeztuko du gaueko hamarretan Espoloian.

Bihar, zapatua, udako egitarau bereziaren baitako lehen kultura hitzordua izango da, 20:00etan hasita, Espoloiko agertokian. Iruñeko Demode Quartet taldea izango da taula gainean.

Emanaldi berezia eta desberdina izango da biharkoa; izan ere, laukote horren ezaugarri bereizgarria da a capella abesten dutela, betiere, umorea txertatuz kantuetan.

Zinea plazan

Uda honetan zehar, sei martitzenetan aire libreko zine emanaldiak izango dira, gauez, San Martin plazan. Lehena uztailaren 12an izango da. Umeei zuzendutako Kon Tiki filma emango dute. Uztailaren 26an eta abuztuaren 2an, 9an, 23an eta 30ean izango dira gainerako emanaldiak.

Uztaileko ikuskizunak

Hamaikagarren urtez jarraian, aurten ere musika beltzaren inguruko Berumuga musika zikloa egingo dute uztailean zehar. 

Horrez gain, hainbat ikuskizun izango dira datorren hilean. Hasteko, uztailaren 6an, eguaztena, umeendako Marie antzezlana izango da, eguazteneko azokaren baitan, Oxirondo plazan.

Uztailaren 14an, berriz, Funes Troup konpainiak kaleko zirku ikuskizuna eskainiko du San Martin plazan.

Bukatzeko, hilaren 28an, Jon Zabal mediumak ikuskizuna eskainiko du Muniben.

Abuztuko hitzorduak

Abuztuko hitzordu nagusiek musikarekin izango dute zerikusia. Hala, hilaren 3an, Aire Ahizpak etorriko dira, eta Fraiskozuri plazan  Iparraldeko kantutegiaren errepasoa egingo dute.

Hurrengo, abuztuaren 16an, San Roke patroiaren egunean, hain zuzen, Hego Haizea talde euskaldunak eta Meta Milonga argentinarrak elkarrekin emanaldia eskainiko dute Irala kalean.

Bukatzeko, hilaren 31n, Txuma Murugarren abeslari ospetsuak Labegaraietan emango duen kontzertuak itxiko du udako kultura egitaraua. Izan ere, aurtengo egitaraua auzo desberdinetara zabaldu nahi izan du Udalak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak