Ikasleek enpresa-proiektuak garatzeko enpresa habia sortu du Miguel Altuna Institutuak

Leire Kortabarria 2016ko eka. 23a, 16:17

Miguel Altuna Institutuko ikasle eta ikasle ohiek erabiltzeko moduko enpresa habia dago Amillagan. Dagoeneko bi enpresa-proiektu daude bertan. Baliabide horren inaugurazio ekitaldia egingo dute ekainaren 30ean.

Bergarako Miguel Altuna Institutuan, azken 15 urteotan hainbat enpresa proiektu aurrera eramateko lanean ari dira, Urrats Bat izeneko programaren bidez.

Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako zuzendaritzak sustatutako egitasmo honen bidez, ikasle eta ikasle ohiek MAIko baliabide desberdinak dituzte eskura: egin beharrekoak garatzeko bulego, ekipamendu edo instalazioak erabiltzeko aukera, eta baita ekintzaileari bere negozio ideia enpresa bihurtzen lagunduko dion aholkularitza zerbitzu integrala ere.

Urrats Bat programaren bidez 20 enpresa proiekturen sorrera prozesuan lagundu du MAIk eta orain, beste apustu bat egin du enpresak sortzearen alde. Enpresa habia da hori.

Gaur egun, Ekolber eta Saiotek enpresak ari dira beraien negozioa martxan jartzen Amillagan kokatutako enpresa-haztegi horretan.

Baliabide berri horren inaugurazio ekitaldia antolatu du MAIk ekainaren 30erako. Erakunde eta enpresatako ordezkariak izango dira; tartean egongo dira Urrats Baten bidez sortu diren enpresak ere.

Inaugurazioa bi zatitan banatuko da: hasteko, 11:30ean, ekitaldia izango da Miguel Altuna Institutuan, eta ondoren, MAIko enpresa kabira joango dira (Amillaga kalea 47, Bergara) eta instalazioak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da. Horretarako autobus zerbitzua egongo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak