Era askotako garagardoak, txerri ukondoa, saltxitxak… dastatzeko aukera izango da, 18:00etatik aurrera, 02:00ak arte. Diablues & Bluecifer bikoteak joko du, gainera, zuzenean, 21:00etatik aurrera. Bihar, domeka, berriz, 12:00etatik 18:00etara egongo da zabalik.
Domeka egun berezia izango da, bestalde, Garagardo Azokaz gainera, Herri Eragileen Egina ere ospatuko delako. Aurten, Kilometroak 2016k, parte-hartzean sakontzeko hautua egin du, jaia herritarrentzat antolatu beharrean, herritarrekin antolatzeko helburuarekin.
Horretarako, parte-hartze prozesu bat jarri zen abian, eta herriko eragile gehientsuenekin bildu zen Kilometroak 2016. Hainbat ekimen atera dira parte-hartze prozesu honetatik, Taila Eskolaren Demasa logo erraldoia, esaterako, eta baita ekainaren 8an Aranzadi Ikastolan egin zen odol ateraldia ere.
Bada, biharko ekimena ere horren emaitza da. Bergarako hainbat talde bilduko dira bertan: Aspace, DYA, Buztinzaleak, San Joxepe, Airez taldea, Taila Eskola...
Tailer egongo dira, eta talde eragileek, euren jarduna kalera ateratzeko aukera izango dute. Haur, gazte eta heldu, guztiek ondo pasatzeko aukera izango dute bertan.
Honakoa da egitaraua:
11:00: Hasiera ekimenari, Aspaceko kideekin batera, Kilometroak 2016 zirkuituko traba arkitektonikoak aztertzen, gero konponbidea emateko asmoarekin. Lokatza taldearekin ere ibilbidea egiteko aukera egongo da.
Ordu berean hasiko dira tailerrak. Esaterako, Blai-blai prozesuaren dinamizatzaileek euren txokoa izango dute eta Buztinzale elkartekoek ere haurrei zuzendutako tailerra emango dute.
13:00: Prozesuan parte hartu dutenei eskaintza bat egingo zaie.
Zirkuituaren aurkezpena
Kilometroak 2016 zirkuitua ere bihar, domeka, aurkeztuko dute ofizialki, 13:00etan, Aranzadi Ikastolan. Zein ibilbide jarraitzen duen, zeintzuk diren guneak... Pantailan ikusi ahal izango dira bere ezaugarri eta txokoak. Bertan ere nahi duenak parte hartzeko deia luzatzen dugu.