Mugikortasuna eta Osasuna izan da ikasturte honetan herriko ikasleek Agenda 21 egitasmoaren barruan landu duten gaia, eta hortik etorri da Eskola Bidea egitasmoa martxan jartzeko ideia. "Ikasleei eurek azaldu dute eskolara nola joaten diren eta haurren autonomia eta osasuna bultzatzeko sortu da Eskola Bidea egitasmoa", adierazi du eguerdian Izaskun Labaien hezkuntza zinegotziak.
San Martin Agirre ikastetxean hango Guraso Elkartearen proposamena izan zen eskolara oinez joateko egitasmo bat martxan jartzea. "Horrela hasi ginen gu eta Udalaren gonbidapena jaso dugunean bat egin dugu proposamenarekin. Atzo, astelehena, hasi ginen eta eta gaur jende gehiago animatu da", adierazi du San Martin Agirreko Miren Labordak.
Mariaren Lagundian ere pozik hartu dute udalaren proposamen hau. "Gurasoak ere animatu dira eta egun hauetakoa proba izango da. Baina asmoa datorren ikasturtean ere honekin aurrera egitea da", adierazi du Mariaren Lagundiko Erkuden Unamunok.
Jarraipena
Ziortza Marzan bergararra master bat egiten ari da Osasunaren sustapena eta garapen soziala izenburukoa eta arlo praktikoa Eskola Bidea proiektuaren jarraipena egitea izango da. "Haurrak etxetik eskolarako bidea modu jasangarri eta seguru batean egitea da helburua, batetik. Umeak autonomia hartzen dute eta ardurak hartzen hasten dira. Egitasmoaren onurak ere asko dira, adibidez: ibilbidea oinez egitea, lagunekin hizketan eta jolasean joatea edo eskolara esna heltzea", adierazi du Marzanek.
Egitasmoa Lehen Hezkuntzako ikasleetan jartzea da hasierako asmoa, baina Haur Hezkuntzan ere eskainiko dute, "anaia-arrebak elkarrekin eskolara joan daitezen", Labaienek azaldu duen moduan.
Ekainean bi asteko proba egingo dute eta helburua da datorren ikasturtean herriko hiru ikastetxeetan jartzea martxan Eskola Bidea proiektua, Lehen Hezkuntza eta Haur Hezkuntzako ikasleetan; soilik lehen orduan burutuko da Eskola Bidean, 09:00etako sarreran; eguerdian eta arratsaldean, ez.
Parte hartuko duten ikasleek fitxa bat izango dute eta arduradunek marka bat egingo diete eskolara oinez doazen bakoitzean.