Urteurrena dela-eta plazaratutako oharrean, gaztetxetik adierazi dute "auzolanak, autogestio kulturak eta herrigintzak berebiziko garrantzia" izan dutela Bergaran: "Gizartean alternatiba edo eredu ezberdinak martxan jartzeko tresna eta leku oso garrantzitsuak dira gaztetxeak eta espazio sozial autogestionatuak".
Bergarako gaztetxean, gazte asanbladaz gain, haur eta guraso asanblada, Txapa Irratia, Kopla barik bertso eskola, Martxanterak talde feminista, Angiolillo liburutegia eta beste hainbat eragile batzen dira: "Urtean zehar makina bat norbanako eta talde aritu gara buelta eta buelta, eta aurten, bereziki, urte oparoa izan dela azpimarratu nahiko genuke. Izan ere, bertan gabiltzan eragileok elkartu eta kartzela zaharreko mahaia osatzen hasi da, espazioa txukundu eta gure artean koordinatzeko". Eta horretan, "ahalegin berezia" egingo dute, hain justu, zapatuan, "auzolan erraldoi bat" egingo dute-eta.
Gaztetxetik diote "unibertsitate masterretan ikasten ez dena" ikasten dela bertan, eta bertako jardunak balio duela: "Kontzientziak astintzeko; herritarrek elkar ezagutzeko; sormena lantzeko; eta eztabaidatzeko".