Asier Garitanoren Leganes Lehen mailara

Eneko Azkarate 2016ko eka. 4a, 22:58
Asier Garitano eta bere taldea igoera ospatzen Anduva futbol zelaiko aldagelan, partidu ostean.

Alavesekin batera Leganes ariko da Espainiako ligako Lehen mailan datorren urtean. Eta bergarar batek gidatuta lortu du talde madrildarrak garaipen historikoa. 

Asier Garitanok (Bergara, 1969) gorenera eroan du Leganes hiru urtetan, Bigarren B mailatik hasita. Mirandesen aurka lortutako garaipenak (0-1) eman dio Lehen mailarako txartela. Mirandako Anduva futbol zelaian hainbat bergarar elkartu dira ligako azken partiduan, horien artean Garitanoren aita-ama, emaztea, eta lagun hurbilekoenak.

Osasuna izan daiteke Lehen mailara aurten igo dezakeen hirugarren taldea, gaur lortu ostean Oviedon (0-5) faseko playoffetarako txartela. 

Lehenengo aldiz historian izango da Leganes taldea futbol ligaren goreneko mailan. 1928 urtean sortua, 1990eko hamarkadan nabarmendu zen, 1992-93 denboraldian historian lehen aldiz Bigarren mailara igotzea lortu zuelarik. 11 urtez egon zen zilarrezko mailan, 2003-04 denboraldian jaitsi zen arte. 2013-14 denboraldian lortu zuen berriro ere Bigarrenera igotzea Garitanoren eskutik eta hurrengo denboraldian mailari aise eutsi ostean, 2015-06 denboraldian lortu du Lehen mailara igotzea, denboraldi osoan goi-goian egon ostean.

Butarque Udal futbol zelaian jokatzen ditu etxeko partiduak Leganesek. 8.000 bat lagunentzako zelaia da. Reala bezala, txuri-urdina da Leganeseko lehen elastikoa, praka zuriekin.

Alaveseko entrenatzailearen bigarrena

Asier Garitanok, aurretik, Alicante, Castellon, Orihuela eta Alcoyano entrenatu ditu, Bigarren B eta Bigarren mailan, betiere. Hortaz, Leganesek karguan berresten badu, goi-goian aritzeko aukera izango du lehen aldiz bergararrak. Aipatzekoa da Jesus Bordalas gaur egungo Alaveseko entrenatzailearen bigarrena izan zela Alicanten eta Castellonek Tintin Marquez kargutik kendu zuenean, 2009-10 denboraldian, Valentziako taldearen entrenatzaile zela, Anoetan Realaren aurka jokatu zuela (0-0), Reala Bigarren mailan azkenekoz egon zenean.

Txikitatik Lezaman

Jokalari moduan, Bilbao Athleticen hasi zen. Lezamako harrobian gazte-gaztetatik aritua. Eibar, Cartagena, Cadiz, Gava, Ferroleko Racing, Burgos, Alicante eta Benidorm izan dira bergararren taldeak, betiere Hirugarren, Bigarren B eta Bigarren mailetan. Betidanik futbolari lotua, gazte-gaztetatik atera du bizimodua hortik. Alicanten 2010ean hasitako bidetik, gorenera heltzea lortu du gaur.

Leganes tiene 1 sueño diote madrildarrek. Gaur ametsa bete dute, bergarar batek gidatuta Lehen mailara igo dute, historian lehen aldiz. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak