Parrilada, bazkaria eta musika, Mahonero asteburuan

Maite Txintxurreta 2016ko mai. 31a, 16:24

Gaur eguerdian aurkeztu dute Bergara Kirol Elkarteko futbol saileko zuzendaritzako kideek eta laguntzaileek egubakoitz eta zapatu honetan zehar ospatuko den denboraldi bukaerako jai berezia. Zapatua izango da egun handia, baina bezperatik hasiko da jaia Seminarioko karpan.

Egubakoitzean 19:30etan irekiko dute karpa, eta segidan buruhandi eta trikitilarien kalejirak emango dio hasiera mahonero asteburuari. Bertan, taberna, parrila gunea eta mahaiak izango dira, nahi duenak bertan afaldu dezan.

Afalostean, berriz, zuzeneko musikaz gozatu ahal izango dute bertaratutakoek. 22:30ean hasita, Biken eta Naroa eta Desados taldeak igoko dira taula gainera.

Zapatuko egitaraua

Zapatuan, berriz, goizetik hasiko da egitaraua, futbol eskolako neska-mutikoen futbol txapelketarekin, eta bukatzean txapelketako sari banaketa izango da. Horren ostean, berriz, herri bazkaria, 450 pertsonarendako lekua izango delarik. Sarrerak Depor tabernan daude salgai.

Segidan, ekitaldi berezi bat izango da, denboraldiko hainbat sari banatuko baitituzte. Batetik, jokalari onenaren saria izango da; emakumezkorik onenak eta gizonezkorik onenak sari bana jasoko dute. Gauza bera entrenatzaile onenaren sariarekin. Bestalde, klubari emandako laguntza eskertuko diote beste pertsona bati saria emanez. Horrez gain, bazkide berezi bat ere saritua izango da, eta bukatzeko, bergararra ez den baina klubarekin lotura duen azken pertsona bat sarituko dute.

Horren ostean, zozketak, jokoak, futbolin txapelketa eta buruhandiak izango dira arratsaldea girotzeko. Gauez, parrilada izango da afaltzeko, eta jarraian DJ festa Julen Narbaizaren eskutik.

Jarraitzeko asmoa

Bergara Kirol Elkarteko zuzendaritzako kide Iosu Elortzak azpimarratu du aurten sortutako ekimen berri hau "harrera ona" izaten ari dela herritarren aldetik. Bestalde, aurtengoa futbol sailak antolatu duen arren, datozen urteetan beste sail batzuek ere parte hartzeko desioa adierazi du. Nabarmendu du Bergara Kirol Elkarteko sail guztietako jokalari, lagun eta zaleak daudela deituta asteburuko jaian parte hartzera.

Egitaraua

Ekainak 3, egubakoitza

  • 19:30 Karparen irekiera.
  • 20:00 Kalejira trikitilari eta buruhandiekin.
  • 21:00 Parrilada.
  • 22:30 Kontzertuak: Biken eta Naroa bikotea eta Desados.

Ekainak 4, zapatua

  • 10:00 Futbol eskolako neska-mutikoen futbol txapelketa.
  • 13:30 Sari banaketa eta triki-poteoa.
  • 14:30 Herri bazkaria. Ondoren: denboraldiko sarien banaketa, zozketak, jokoak, mahai-futbola, buruhandiak...
  • 21:00 Parrilada.
  • 22:30 DJ Festa Julen Narbaizarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak