Batez ere, bergararrak bertaratu ziren, baina baita kanpotik etorritakoak ere. Musika elektronikoaren jarraitzaileak eta kuriositatez zein giro zegoen ikustera joandakoak izan ziren gaztetxean.
Asier Balzategi antolatzaileak aurtengoaren balorazio positiboa egin du: "Oso ondo joan da guztia, sentsazio onarekin gelditu gara. Jendea egun guztian zehar ibili da eta askotariko publikoa izan da; musika elektronikoaren jarraitzaileak eta kuriositatez gerturatu direnak".
Balzategi bera eta herriko Aitor MU artistak ere izan ziren erakustaldia egiten 20:30ak inguruan, eta gaztetxea beteta, gustura gelditu ziren egindakoarekin. Herrikoez gain, Iruñeako, Donostiako, Gasteizko, Bilboko eta Bartzelonako artistak izan ziren erakustaldia egiten eta pozik ibili ziren guztiak.
Hasieran, antolatzaileek planak aldatu behar izan zituzten, baina eguraldiagatik: "Terrazan hastea zen gure asmoa, baina barruan egin behar izan genuen guztia eguraldiagatik". Hala ere, bi espaziotan txandakatuz ezin hobeto ibili ziren.