Azken unera arte hortxe izan duen arren, Bergarako futbol taldeak ezin izan du azkenean mailaz igotzea lortu. Soraluzen azken partidua irabazi egin zuten (0-1) , baina Mondrak ere beste hainbeste egin zuen horren ondorioz, sarrailagileak izango dira mailaz igotzeko lehia jokatuko dutenak, eta mahoneroak hirugarren postuan geratu dira.
Azken partidua irabazita baina mailaz igotzeko borrokan sartu ahal ezinda, sentsazio "gazi-gozoa" geratu zaio Mikel Juaristi entrenatzaileari: "sentsazio ona alde batetik, guk gurea egin genuelako, baina beste aldetik, pena ezin izan genuelako bigarren egin".
Balorazio positiboa
Hala ere, Juaristik denboraldiaren balorazio orokorra positiboa dela azaldu du: "denboraldi erdian ez genuen espero hor egongo ginenik gauzak zoazen bezala, eta oso oso ondo bukatu dugu, nahiz eta azkenean bigarren ezin bukatu".
Juaristirentzat lehen denboraldia izan da Bergara entrenatzen. "Entrenadore moduan, satisfaziorik handiena ematen duena da taldea hartzen duzun momentutik uzten duzunera taldea hobetu dela ikustea". Bigarren itzulian 45 puntutik 40 lortu dituzte mahoneroek. Entrenatzailearen ustez, klabea izan da talde moduan eraiki duten harreman estua.