Bigarren eta hirugarren solairuri eragin die suteak. Ez, ordea, teilatuari, Bergarako Udaltzaingotik adierazi dutenez. Kalteak "handiak" izan direla adierazi dio Bergarako EAJko ordezkari batek Goienari. Etxabehean batzokiko taberna eta jatetxea dago eta horrek ez ditu sutearen ondoriozko kalterik jasan. Baina sua itzaltzeko erabilitako ur piloaren ondorioz, beheko solairua ere kaltetu dela adierazi dute udaltzainek.
Bergarako EAJko ordezkariak –goiko argazkian, Lander Arregi eta Maite Agirre zinegotziak, eta Mikel Lete Bergarako Uri Buru batzarreko presidentea; behekoan Elena Lete Bergarako alkatea suhiltzaile batekin– 09:00ak aldera sartu ahal izan dira batzoki barrura.
Bergarako batzokia San Pedro kalean dago, herriko alde zaharrean. Azkarate Marutegi etxean kokatuta dago. Alde zaharreko etxe historiko bat da. 1541ean eraiki zuten Juan Martinez de Marutegi Azkarateren, Gaztelako Erregearen kontu-eramailearen, aginduz. Eraikin dotorea da oso, hormetan elementu garrantzitsu ugari baititu. Bergarako batzokia dago bertan 80ko hamarkadatik. Etxe osoa hartzen du. Behean, taberna eta jatetxea daude –azkeneko hilabeteetan itxita dagoena– eta lehen solairuan alderdiko bulegoak, aretoa, batzar gelak eta abar.