Goiz osoan zehar, San Martin herri eskolako, Aranzadi ikastolako eta Mariaren Lagundiko hamabost talde pasatu dira azokatik.
Ohiko postuez gain, inguruko baserritarrak ere izan dira azokan euren produktuak erakusten eta ume eta gaztetxoei euren lanari buruzko azalpenak ematen.
Iaz egin zen lehen aldiz umeak azokara eramatearen ekimen hau, eta ikastetxeen aldetik balorazio "oso positiboa" izan duela azaldu dute Udaletik. Ekintza hau Azoka Bergaratzen egitasmoaren baitan kokatzen da.
Erosketak modu desberdinean
Umeei azokako bonuak banatu dizkiete, eta horiekin talde bakoitzak hogei euroko erosketa egin du, denen artean aukeratutako produktuak hartuta. Ateratzean, erositakoarekin hamarretakotxoa egiteko aprobetxatu dute. Erositako jakiak "merkeak eta gozoak" direla aitortu dute neska-mutikoek.
"Ikasle askok ez zuten azoka ezagutzen", azaldu du Larraitz Berraondok, Mariaren Lagundiko irakasleak. "Ea etxeko gurasoei ere bultzada ematen diegun eta azokara gerturatzea lortzen dugun", gaineratu du.
"Ekimen polita eta umeendako interesgarria" dela uste du atzo postua jarri zuen Carmen Etxeberria baserritarrak. "Umeek ikasi egiten dute ze barazki dauden, ze produktu ditugun...".
Angiozartik etorritako Arturo Garitano neska-mutikoei bere baserrian egindako sagar-zukua banatzen aritu da. Umeei asko gustatu zaie, eta "freskagarriak baino hobea" zegoela aitortu du batek baino gehiagok.