Erabakita dago honezkero zeintzuk izango diren aurtengo herriarteko txapelketan maila bakoitzean Bergara ordezkatuko duten pilotariak. Kadete mailan, Alex Roigek eta Ander Etxanizek osatutako bikoteak jokatuko du; gazte mailan, berriz, Unai Zubizarreta-Harri Otermin bikoteak, eta nagusien mailan Eneko Muguruzak eta Daniel Diezek. Zapatuan 11etan jokatuko dituzte partiduak Lasarten.
Bergara hiria
Josu Zezeaga bergarar gaztea ezin hobeto dabil momentuz Bergara Hiria txapelketan. Martitzenean, Salaberrirekin bikotea osatuz, 22 eta 5 irabazi zuen Gartzia eta Artolaren aurkako finalerdia. "Irabazleek oso ondo jokatu zuten", azaldu du Reyes Azkoitia antolatzaileak. Hala, Zezeaga-Salaberria bikotea hilaren 16ko finalerako sailkatu da.
Nagusien mailan, Santxo-Gorrotxategi bikoteak 22-16 irabazi zion Ugalde-Martinez bikoteari partidu "gogor eta ikusgarrian".
Hurrengo finalerdiak datorren martitzenean jokatuko dituzte, hilaren 10ean, eta bertan erabakiko dira promesa eta nagusi mailako bikote finalistak zeintzuk izango diren.
Kartelera
Bihar, egubakoitza, lau t'erdiko bi partidu jokatuko dira Udal Pilotalekuan, 19:30ean hasita. Kadete mailan, Azurmendik eta Gallastegik neurtuko dituzte indarrak. Horren ostean, nagusien mailan, Unanue -Ander Aristi.