Atzerriko musikari gazteak Bergaran izango dira asteburuan

Maite Txintxurreta 2016ko mai. 3a, 13:17
Musika eskolako eta Udaleko ordezkariak EMUSIKen Bergarako egitarauaren aurkezpenean

Donostian bihartik aurrera egingo duten Europako musika eskolen arteko Emusik topaketen baitan, atzerritik etorritako ikasleek bi kontzertu eskainiko dituzte, bata egubakoitzean eta bestea zapatuan. Pinneberg-eko (Alemania), Winn-eko (Suitza), Balassagyarmatiko (Hungaria) eta Sabinoveko (Eslovakia) ikasleak izango dira gonbidatuak.

Bihar egingo dute jaialdiaren inaugurazio ofiziala Donostiako Ilunben. Bertako zein atzerriko 8.500 musika ikasle izango dira topaketa horretan, tartean, Bergarako Musika Eskolako 190 neska-mutil; gazte bandakoak, orkestra sinfonikokoak, akordeoilariak, dantzariak... Nabarmentzekoa ere, horien artean, Ane Rodriguez Bergarako musika eskolako gazte arrasatearrak bakarlari lanak egingo dituela.

Era berean, zapatuan, arratsaldeko zortzietan Zurriola hondartzan egingo duten itxiera ekitaldian Europako musika eskola desberdinetako ikasleek osatutako Big Band-aren emanaldia izango da. Bertako parte hartzaileak aukeratzeko proba batzuk burutu zituzten udazkenean, eta bertan aukeratuak izan ziren Bergarako Musika Eskolako Ane Rodriguez abeslaria eta Bittor Giral, tronboi jotzailea.

Bergarako kontzertuak

Maiatzaren seian Pinneberg-eko (Alemania) eta Winneko (suitza) ikasleek eskainiko duten kontzertua 18:30ean izango da San Martin plazan. Aurretik, baina, 16:00etan alkateak eta Bergarako musika eskolakoek harrera egingo diete Udaletxeko pleno aretoan. Horren ostean, herrian zehar ordubeteko bisita gidatua izango dute alemaniarrek. 17:30ean, berriz, Bergarako musika eskolako gazte bandaren kalejira izango da erdigunean zehar.

Zapatuko kontzertua 12:30ean izango da Balassagyarmatiko (Hungaria) eta Sabinoveko (Eslovakia) musika eskolakoen eskutik, hori ere San Martin plazan. Aurretik, egubakoitzekoek bezala, ongi etorria eta bisita gidatua izango dute, eta 11:30ean gazte bandak beste kalejira bat eskainiko du.

Musika eskolako zuzendari Marije Ugaldek adierazi du Emusik "aukera polita" dela "atzerritar ikasleekin hartu emana izateko eta musika konpartitzeko".

Spotean ere bergararrak

Bestalde, Emusik jaialdirako spot bat ere egin du EITBk, eta grabaketan Euskal Herriko bederatzi musika eskolek hartu dute parte, tartean baita Bergarakoak ere. 59 eskolen artean aukeratuak izan dira spot horretan azaldu direnak. "Oso pozik gaude aukeratuak izan ginelako", dio Ugaldek.

Ilunbeko hasiera ekitaldian proiektatuko dute lehenbizikoz, eta aurrerantzean telebistan eta sarean ere ikusgai izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak