Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak gonbidatuta, Mozkorra parregarri opera antzeztu zuten zapatuan Madrilen, Loiolako San Inazio Elizan. Euskaldunen eliza ere deitzen zaio tenpluari, euskal jatorriko familien topaleku izan baita urte askoan. Zapatuan ere halaxe izan zen, kongregazioko kideez gain, Madrilen bizi diren bergararrak, lagunak eta euskal kulturaren inguruan lan egiten duten hainbat elkartetako jende asko joan baitzen elizara.
"Oso polita" izan zela kontatzen du Valen Moñux zuzendariak. Ikusleak zutik, txalo bero sorta ederra jaso zuten antzezleek zapatuak. Moñuxek dio hori ez dela oso ohikoa Euskal Herrian eta benetan hunkitu zituela harrera hain bero horrek eta "Bravo!" oihu ugari entzun ahal izan zutela, gainera.
Kulturarekin eta Euskal Herriarekin lotutako pertsona ugari joan zen zapatutako antzezpenera, tartean, Peñafloridako egungo kontea, haren senitartekoekin. Moñuxek kontatzen duenez, Agur jaunak kantatu zutenean obraren egilearen oinordekoa "oso hunkituta" ikusi zuten. David Salinas musikaria eta antzerki munduko pertsona ezaguna den Ignacio Amestoi ere izan ziren ikusleen artean, besteak beste.