Beart margolari elkarteak bere egun handia ospatuko du maiatzaren zortzian, domeka, eguerditik aurrera San Martin plazan. Herriko artisten lana bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da.
Musika izango da hilabete honetako beste protagonistetako bat. Maiatzaren 6an eta 7an Emusik Europako musikari gazteen XII. jaialdia iritsiko da herrira.
Eta, zalantzarik gabe bergarar gehienek agendan apuntatuta izango duten hitzordua hilabete erdialdean: Pentekoste jaiak. Bitorianatxoren jaitsieratik aurrera hainbat ekitaldi izango dira herrian, jai girokoak zein kultura arlokoak.
Jaietaz aparte nabarmentzekoen artean, urtero legez, zita garrantzitsua izango da Koldo Eleizalde literatura lehiaketako sari banaketa. Maiatzaren 21ean izango da.
Hitzaldiei dagokienean ere, eskaintza interesgarria izango da. Esaterako, hilaren 25ean, Joan Mari Torrealdai eta Juan Jose Ibarretxe Lehendakari ohia etorriko dira pleno aretora Kultura da gakoa izenburuko solasaldia eskaintzera.
Laboratoriumeko ekintzak
Bestalde, maiatzaren 18a Museoen Nazioarteko Eguna da. Horren harira, Laboratorium museoko zoologia biltegira bisita gidatua antolatu dute.
Horretaz gain, beste hitzordu bat ere izango da Laboratoriumen eskutik hilaren 21ean. Geocaching ikastaroa antolatu dute egun horretarako.
Aroztegin, argazkilaritza
Aroztegi aretoak bi erakusketa hartuko ditu maiatzean, biak ere argazkilaritzarekin lotuak. Lehen bi asteetan Javier Vicente herriko argazkilariaren mostra izango da ikusgai, eta horren ostean, Bergara Hiria argazki lehiaketako lanen erakusketa izango da.