Buruz Buruko txapelketako final zortzirenetan Rezustak Artolaren aurka galdu zuen 17-22. Aurtengo txapelketako lehen partidua zen Rezustarentzat, eta gainera, etxekoen aurrean. Zaleen babesa alde eduki zuen, baina ez zen irabazteko gai izan.
Gogotsu ekin zion partiduari pilotari bergararrak eta tantoak azkar amaitu nahian aritu zen. Artola bere mesedetara eduki zuen partiduaren lehen zatian, baina tantoak amaitzerakoan ez zen fin ibili. Rezustaren akatsak baliatuta aldea hartu zuen Artolak, baina sakea eta bi pareta on batzuk baliatuta hamalauna berdintzea lortu zuen bergararrak.
Hortik bukaerara Artolak akats gutxiago egin zituen eta txartela eskuratu zuen final laurdenetan Oinatz Bengoetxearen aurka jokatzeko.