Pilota jaialdi profesionala izango da gaur gauen Bergarako Udal pilotalekuan. Beñat Rezustak etxekoen aurrean egingo du debuta aurtengo buruz buruko txapelketan. Iñaki Artola Alegiako aurrelaria izango du aurrez aurre eta irabazleak final laurdenetarako txartela eskuratuko du.
Rezusta da txapelketa osoan bizirik geratzen den atzelari bakarra. Artolarentzat txapelketako bigarren partidua izango da. Pasa den zapatuan erraz irabazi zion Alvaro Untoria atzelari errioxarrari (22-8), eta bera da apustuetan faborito.
Jaialdia 22:00etan hasiko da eta guztira hiru partidu jokatuko dira. Aipatutako partidu nagusiaz gain, Merino eta Arteaga II eta Tainta eta Irusta arituko dira nor baino nor.