Astelehenetik aurrera kuboak zintzilikarioetatik kentzen hasiko dira Bergaran

Josu Bilbao Atxutegi 2016ko api. 21a, 12:19
Kuboak zintzilikarioetan.

Edukiontzien Sistemaren ezarpena "martxa onean" hasi dela adierazi du Udalak eta, ondorioz, astelehenetik aurrera zintzilikarioetan dauden kuboak Amillagako biltegira eramango dira.

Edukiontzien sistema bere osotasunean martxan jarri arte bi sistemak martxan egon dira aste honetan baina sistema berriaren ezarpena "martxa onean doala ikusita", gaur bertan hasi dira Udal langileak zintzilikarioak kentzen. "2-3 aste barru herrian zintzilikariorik ez egotea da asmoa", Bergarako Udalak azaldu duenez.

"Horrela, astelehenetik aurrera zintzilikarioetan topatzen diren kuboak Amillagako biltegira eramaten hasiko dira. Berreskuratu nahi dutenek, bertara joan beharko dute jasotzera", adierazi du Udalak.

Atzo egin zen edukiontzi marroi eta grisen lehen bilketa eta "ez da aparteko arazorik izan". Asteazkenera bitartean jarri ziren edukiontzi berriak herrian. "Horietatik guztietatik 6 edukiontzik akats txiki bat zuten itxiera sisteman" baina astebukaerarako konponduta egotea aurreikusten dute Udaletik.

Era berean, Udaletik hainbat ohar helarazi nahi dira herritarrek kontuan hartzeko:

- Materia organikoa edukiontzi marroira poltsa konpostagarrietan bota behar da, derrigorrez.

- Edukiontziraino beste poltsa mota batean eraman nahi duten herritarrek, materia organikoa soilik bota dezakete edukiontzi marroira.

- Supermerkatuko edo antzerako poltsetan eramanez gero, ondoren poltsa mota horiek edukiontzi horira bota behar dira. Zabor poltsetan eramanez gero aldiz, materia organikoa marroira eta zabor poltsa (errefusa) edukiontzi grisera bota behar da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak